argia.eus
INPRIMATU
Laudion egingo dute Gazte Danbada, martxoaren 25etik 28ra
  • Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek Gazte Danbada jaialdia antolatu dute martxoa amaierarako. 25etik 28ra egingo da, Laudion. “Esna harrapa gaitzala” leloa hautatu dute aurtengo ediziorako, gazteek bizi duten “egoera prekarioan” esna egotea “ezinbestekoa” delakoan.  

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 15
Ernaik eta Aitzinak aurtengo Gazte Danbada aurkeztu dute (Arg: Ernai eta Aitzina)

Jaialdiaren xedea “bestelako herri baten aldeko borroka hauspotzea” izango da. Horrez gain, aurten aldaketa “sakonak” egingo dituztela iragarri dute. Aldaketa horien artean leudeke antolaketa ereduaz hausnartu eta berau eraginkortzea, eta jaialdian tokiko produktuak jan eta edatea.

Gainera, musika sortzaile gazteak bultzatzeko asmoz Oholtza gainean bakerik ez ekimena jarri dute martxan. Izena ematen duten talde guztiek izango dute Laudion jotzeko aukera. Halaber, hiru taldek zuzeneko abesti bana grabatzeko abagunea izango dute.

Egitarauari dagokionez, goiz eta arratsean hausnarketa politikoa jorratuko da, tailerren, hitzaldien eta eztabaiden bidez. Gau partean aisialdiari egingo zaio tartea. Egitaraua osorik otsailaren 18an aurkeztuko dute. Sarrerak ere egun horretan bertan jarriko dituzte salgai.