Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri duenez, txertatze ziurtagiria erakustea ez da beharrezko izango leku publikoetara sartzeko, hilaren 14tik aurrera. Orain arte Ipar Euskal Herrian derrigorrezkoa zen agiri hori erakustea kultur edo kirolgune eta ostatuetara sartzeko. Maskararen derrigorrezko erabilera ere bertan behera geratuko da barrualdetan, salbuespen batzuekin.
Castexek telebistaz egindako elkarrizketa batean iragarri du COVID-19aren pandemiari aurre egiteko Frantziako Gobernuak onartutako neurri eztabaidatuenetako bati amaiera emango diotela Frantziako Estatuan. Txertatze ziurtagiria –covidaren kontrako hiru dosirekin txertatua egotea– ez da behar izango ostatuetan eta bestelako espazio publikoetan sartzeko, martxoaren 14tik aurrera.
Ziurtagiri horren derrigorrezko erabilera urtarrilaren 24an sartu zen indarrean, Kontseilu Konstituzionalaren oniritziaren ondoren –hori baino lehen, ekainetik, Covid ziurtagiria zen derrigorrezkoa–. Hilabete eta erdiren buruan, ordea, txertatze agiri hori kendu egingo du Frantziako Gobernuak, baina salbuespen garrantzizko batekin: osasun etxeetara sartzeko osasun ziurtagiria beharko da (PCR edo antigeno emaitza negatiboa, kutsatze agiria edo txertatze agiria).
Maskararik ere ez
Maskararen erabilera ere ez da beharrezko izango txertatze ziurtagiria erakustea zen barruko leku publiko horietan, duela gutxi ostatuekin egin bezala, neurri hori bertan behera uztea erabaki baitu Emmanuel Macronen gobernuak.
Beraz, eskola barruetan, saltokietan eta lantokietan ere ez da beharko maskara Ipar Euskal Herrian martxoaren 14tik aurrera, salbu eta garraio publikoan, hor bai jantzi beharko dute herritarrek oraingoz maskara.