argia.eus
INPRIMATU
Martxan da KoopFabrika, interkooperazioa eta lurralde sareak helburu
  • Ekintzailetasun sozial eta kooperatiboa bultzatzeko programaren aurkezpen instituzionala egin dute astelehenean Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean, KoopFabrikaren saio trinkoei hasiera eman dietela aprobetxatuz.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 05
KoopFabrikako saio trinkoan parte hartu behar duten ekintzaile sozialak, Hernaniko Iturolan (arg.: KoopFabrika)

Badira urte batzuk ekintzailetasun soziala bultzatzeko programa martxan jarri zutenetik eta aurtengo edizioak baditu hainbat berritasun. Besteak beste, joan den urte amaieran iragarri zuten moduan, parte hartzeko bi formula jarri dituzte aukeran: saio trinkoak batetik, eta ibilbideari lotutakoak bestetik –ikasketekin edo beste lan jardunekin bateragarriak–. Izena urteko edozein unetan eman ahal izango da gainera.

Lehenengo saio trinkoei hasiera eman diete astelehenean Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean eta ekimena bultzatu eta finantzatu duten instituzioak ere bertan izan dira azalpenak ematen. KoopFabrika Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzaturik dago eta Beterri-Buruntza Udalak erakundeak ere laguntzen du. Azkeneko honen lehendakari Jon Zuluetak datu bat eman du: azken hiru urteetan eskualdean 25 proiektu sozioekonomiko sortu dira programari esker eta 60 lagunetik gorari eman diete lana.

KoopFabrikaren helburua da talde-lanean oinarrituriko enpresak sortzea, gizarte eraldaketa bultzatuko dutenak, lankidetza eta komunitatearen ahalduntzearekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak berak, Joseba Amondarainek, aitortu du “asmo indibidualetatik harago, proiektu kolektiboak” sustatzen dituelako dela interesgarria.

Hiru eragileren artean daramate programa: EHUko GEZKI institutua, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia eta OlatuKoop ekonomia sozial eraldatzailearen sarea. Hiruren ordezkariak izan dira Hernanin saio trinkoen aurkezpenean eta hiruek azpimarratu dute “ezberdinen” artean lankidetzan aritzeak duen balioa. OlatuKoopeko Leire Udaberen aburuz, beharrezkoa da Gipuzkoan erreferentziazko sare bat sortzea interkooperazioa eta lurraldetzea helburu izango duena, “ekonomia pertsonen zerbitzura jarriz, eta ez alderantziz”.