argia.eus
INPRIMATU
Agus Gorbea, Gazako martxatik deportatua
“Martxak ezin badu aurrera egin, beste alternatiba batzuk jarriko dituzte martxan; zerbait egingo dute ziur”
  • Gazarako Martxara bidean, Kairoko aireportuan atxilotu zituzten euskal herritarren artean dago Agus Gorbea, eta momentuz deportatu duten bakarra izan da. Euskal Herrira bidean dagoela erantzun ditu ARGIAren galderak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko ekainaren 13a
Gazara Martxako kideak, tartean, Agus Gorbea. Agus Gorbeak utzia

Lehenik eta behin, zelan zaude?

Frustrazio handiarekin. Gure asmoa zen martxan parte hartzea, baina martxa hasi aurretik oztopoak jartzen hasi dira Egiptoko Gobernua eta Armada. Ez da batere sentsazio ona. Baina, tira, adiskideek egingo dute martxa edo ahal dutena.

Orain autobusean zaude Madriletik Bilbora. Zelakoa izan da deportazio prozesua?

Gasteizko adiskide gehiago atxilotu zituzten nirekin batera, baina azkenean horiek askatu zituzten aireportuko komisarian egon eta gero, eta niri “tokatu” egin zait. Hango egoera oso desatsegina izan da, 70 pertsonatik gora egon gara 66 metro karratuko gela batean. Armada sartu da bost aldiz... Oso desatsegina, oso urduri geunden.

Baina guk fokua ez dugu deportazioan eta martxan jarri nahi: martxa tresna bat da, besterik ez, Askatasunaren Ontzidia bezala. Fokua jarri nahi dugu Gazan eta Palestina osoan egiten ari diren astakerietan. Gure planteamendua izan da salaketa egitea eta Rafahko pasabidea irekitzeko exijitzea. Ea zer gertatzen den.

Tunisiatik ere abiatu da martxa jendetsubat, Egipton egin behar zenuten bat. Horri buruz gutxi entzun da Euskal Herrian. Bere berririk baduzu?

Bagenekien beste martxa bat zetorrela Tunisiatik. Gure asmoa zen martxa elkarrekin egitea Arishetik (Egipto) aurrera. Baina ez dut uste hori lortuko dugunik. Guri oztopoak jartzen badizkigute zuriak izanda eta Europatik eta AEBetatik etorrita, pentsa zer egingo dieten Marokotik, Algeriatik, Tunisiatik datozenei... Oztopo gehiago jarriko dizkiete, suposatzen dut.

March to Gaza plataformak aurrera jarraitzeko deia zabaldu du. Zu ezkor zaude. Zer espero duzu gertatzea martxarekin gaur-biharretan?

Ostiral arratsaldean jakingo dugu martxa aurrera joango den ala ez. Asmoa era baketsuan aurrera joatea da, baina ezin dut ezer aurreikusi momentu honetan. Martxak ezin badu aurrera egin, beste alternatiba batzuk jarriko dituzte martxan; zerbait egingo dute ziur.

Zergatik da garrantzitsua mota honetako ekimenak antolatzea?

Askatasunaren Ontzidia edo Gazarako Martxa ez dira garrantzitsuak, planteamendua bera da garrantzitsua, oso indartsua da. Gazara doaz, arazoen erdigune neuralgikora, eta gainera indartsu daude. Tresna bat dira.

Baina berriro diot gure asmoa ez dela martxari buruz hitz egitea, baizik eta Gazan eta Palestina osoan gertatzen ari dena kontatzea, sionismoak inpunitate osoz egiten duena ikusaraztea. Eta gure gobernuek, Espainiako Estatukoak, Eusko Jaurlaritzak, Europako Batzordeak, AEBetako Gobernuak etab. sionismoarekin konplota dutela salatzea, eta genozidio honetan erantzule ere badirela erakustea. Gobernuek ez badute egiten egin behar dutena, gizarteak esku hartu behar du.

Ez dugu uste lortuko dugunik, Israelek inpunitate osoa baitu nahi duen guztia egiteko. Baina tira, jarraitu beharko dugu hori salatzen hemen, han eta toki guztietan.

Mezuren bat bidali nahi diezu martxan jarraitzen dutenei?

Animo adiskideei, zorte on.