argia.eus
INPRIMATU
Martin Zelaia, Sustrai Erakuntza Fundazioa
"Erregai fosilen erabilera murriztea jaso behar luke Nafarroako Energia Planak"
  • Nafarroako proiektu jasangaitzei erantzuna ematen dien Sustrai Erakuntza fundazioak energiaren inguruko jardunaldia antolatu du larunbatean Iruñean. Nafarroako Gobernuaren 2030 Ikusmuga plan energetikoaren inguruan arituko dira.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 02a
Martin Zelaiak uste du erregai fosilen kontsumoa murriztu beharko litzatekeela.

Sustrai Erakuntzak antolatutako saioa goizeko 10:30ean hasiko da, eta arlo didaktikoa jorratuko du. Eguerdiko 13:30erako dago iragarrita elkarteko kideen agerraldia, gobernuaren planaren inguruko iritzia emateko. Martin Zelaia taldeko kidearekin egon da ARGIA.

Nafarroako Gobernuan abiarazitako 2030 Ikusmuga Energia Planaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzue larunbaterako, Iruñeko Condestablen. Zer jorratuko duzue bertan?

Goizeko 10:30ean elkartu eta mintegia egingo dugu. Batez ere energia fosilak eta klima aldaketa aztertuko ditugu. Gobernuaren esanetan energia berriztagarriak bultzatu behar dira, baina Sustrai Erakuntzak uste du erregai fosilen erabilera murriztu beharra dagoela nahitaez, aurrera egingo bada.

Jardunaldiaren ostean, 13:00ak aldera, prentsaurrekoa eskainiko du Sustrai Erakuntzak, planaren balorazio kritikoa egiteko. Zer azalduko duzue?

Gure ustez, plan hau hutsegite bat da, eta harekiko dugun aurkaritza azalduko dugu. Gobernuak luzera begira planteatu du proiektua, 14 urtean amaitzeko. Ordura bitartean egoera izugarri alda daiteke. Uste dugu planifikazio aldetik okertu egin direla, eta edukiekin ere ez gaude ados. Energia berriztagarrien erabilera handitzea aurreikusten du planak, ekonomia hobetuko denaren esperantzan horri bideratutako inbertsioak eginda. Gure ustez bestelakoak dira irtenbideak, eta horiek azalduko ditugu.

Zeintzuk dira irtenbide horiek?

Erregai fosilen erabilera murriztu beharra dago, nahitaez. Gasoilarena da adibide argienetako bat: jendeak etengabe erabiltzen du, arazorik sortuko ez balu bezala. Arazoa konpontzeko hortik hasi behar delakoan gaude.

Zer aurkituko du Condestablera gerturatzen denak?

Jendeari hezibidea eman nahi diogu larunbateko jardunaldian. Klima aldaketa eta erregai fosilez arituko gara gehienbat, oso lotuta baitoaz. Egitasmoa uztailean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, eta irailean eztabaidatu ostean zirriborroa publiko egingo dute, jendearen ekarpenak jasotzeko asmoz. Plana publiko egiten denean jendeak bere ekarpenak egitea nahi dugu, eta horretarako beharrezkoa da gizartearen kontzientziazioa. Horretarako elkartuko gara.