Idazle eta kazetari andoaindarraren jaiotzaren mendeurrena dela eta, bere liburu eta artikulu guztiak webgunea batean jasoko dituzte. Horrez gain, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte urtean zehar erakunde eta kultura munduko eragileek.
Martin Ugalde (Andoain 1921, Hondarribia 2004) kazetari, idazle eta politikariaren obra osoa digitalizaturik wegune batean jartzeko asmoa dute, bera jaio zela mendea betetzen denean, ostegun honetan prentsaurrean azaldu dutenez. Abertzalea eta euskalgintzaren aldeko sustatzaile sutsua izateaz gain, produkzio handia izan zuen bere bizitzan. Denera 47 liburu, 50 liburu zati eta 1.500 artikulutik gora idatzi zituen. Horien zatirik handiena digitalizaturik dauka Jakin-ek eta hori abiapuntu hartuta, azarorako webgune batean jaso nahi dituztela azaldu du Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak.
Baina egitasmo gehiago ere jarriko dituzte martxan. Ostegun honetan aurkeztu dituzte erakunde publiko zein kultur eragileetako ordezkariek Andoainen bertan. Hala, Euskal Idazleen Elkarteak bere ipuinekin podcastak egingo ditu Itsasargiak egitasmoaren barruan. Bestalde, erakusketa bat ere antolatu dute Hondarribian, maiatzaren 27an ateak irekiko dituena, Ugalderen bizitza eta lana bilduz.
Ugaldek Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte-hartze handia izan zuen eta horren kari hitzaldi zikloa antolatu dute, baita kazetaritzan, politikan eta literaturan utzi zuen arrastoa aztertzeko ere.
Film emanaldia, irakurketa jarraitua, Martin Ugalde bekaren emaitzen aurkezpena, ipuin sariketa... Horiek dira esku artean dituzten beste egitasmoetako batzuk. Baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, gehiago ere badituzte buruan. "Bere bitartez, gure gaurko gizartea eta euskal mundua ulertzeko hainbat mugarri datozkigu gogora, mugarri asko dira eta pertsona gutxik bildu ditzakete haiek denak nortasun bat bakar eta berean Martin Ugaldek egin zuen bezala", adierazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura sailak aurkezpenean.