Donostiako Kursaalen hainbat hitzaldi izango dira ekainaren 6an eta 7an herritarren partaidetzaren inguruan. Hizlarien artean daude Theo Schiller, Demokrazia zuzenaren inguruan aditu garrantzitsuenetako bat, eta Marta Harnecker, Latinoamerikako esperientzia sozialak ikertzen eta zabaltzen lan handia egindakoa.
Ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalen Herritarrekin sareak bultzatu dute. www.gipuzkoaherritarrekin.net ataria ere osatu dute partaidetza sustatzeko asmoz.
“Ia bi urte egingo ditugu herritarren partaidetza sustatu, bultzatu, lagundu eta gauzatzeko konpromisoa hartu genuenetik. Ibilbide oparo honetan hitzordu garrantzitsua dugu oraingoa”, azaldu du Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak.
Udalekin elkarlanean hasi zirenetik parte hartzearen inguruko 200 esperientzia baino gehiago zenbatu dituztela azaldu du Larrinagak: “Gipuzkoa gero eta parte hartzaileagoa dela esan genezake”. Luis Intxauspe Hernaniko alkatearen ustez ere honakoa “inflexio puntua” izango da.
Hitzaldiak herritarrei, teknikariei eta hautetsiei daude zuzenduta. Marta Harneckerrek Latinoamerikan herritarren parte hartzerako dauden tresna politikoak aztertuko ditu. Txilen jaioa 1937an, Salvador Allenderen gobernuan parte hartu zuen. Gertutik ezagutzen ditu Kubako eta Venezuelako errealitate politikoak, Hugo Chavezen aholkulari izana da hainbat urtetan.