Espainiako Kontu Auzitegiak epaitu ditu Alfonso Alonso Espainiako jarduneko Osasun Ministroa eta Javier Maroto PPko Ekintza Sektorialeko idazkariordea. Gasteizko Udalean zeudenean erakunde publikoentzat kontratu “kaltegarria” sinatzea leporatzen diete, eldiario.es hedabideak jakinarazi duenez.
Alonso Gasteizko alkate zela enpresari batekin sinatutako kontratua da auziaren oinarria. 2007an, udalak Gasteizko lokal bat alokatu zion Gonzalo Anton enpresariari 7,6 milioi eurotan, hogei urterako; enpresariak ordea, 2,7 milioi euro ordaindu zuen lokala, urtebete lehenago. Auzitegiak ikertuko du kontratu honek erakunde publikoei eragin dien “kaltea”.
Alonso eta Maroto ez dira epaitegira joan, akusazio partikularrak –Gasteizko Udalak, EAJk eta PSEk– horrela baimenduta.
Milioi erdiko fidantza
Espainiako Kontu Auzitegiak milioi erdiko fidantza jarri die Alonso, Maroto eta garai hartako Udal Gobernua osatu zuten hautetsi guztiei, akusazio beragatik.
Ustelkeriaren aurkako ADI! elkarteak kontzentrazioa egingo du 19:00etan alokatutako lokalen aurrean, Gasteizko San Antonio kalean.