argia.eus
INPRIMATU
Maroto eta Alonso epaituko dituzten auzian fiskaltza erretiratu egin da
  • Alfonso Alonso eta Javier Maroto epaituko dituzte apirilaren 11n Gonzalo Anton enpresariarekin merkatuko prezioen gainetik zegoen kontratu bat sinatzeagatik.

ARGIA @argia 2016ko otsailaren 15
Javier Maroto eta Alfonso Alonso apirilaren 11n epaituko dituzte (argazkia: Adi elkartea).

Duela bederatzi urte Gasteizko Udalak Antoni alokatu zizkion bulego batzuengatik ordaindutako kopurua –sei milioi euro– dago kasu honen erdigunean. Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak aztertu nahi du ea diru hori Antonen mesedetan gastatu zuten, diru-kutxa publikoak kaltetu arren.

“San Antonio kasua” gisa ezaguna den aferak astelehen honetan eman du lehen sorpresa, izan ere, ElDiario.es-en irakurtzen denez, epaiketaren aurreko saioan fiskaltzak iragarri du ez dela akusazio gisa aurkeztuko, nahiz eta kasuaren hasieran horretarako borondatea erakutsi zuen –fiskaltzak identifikatu zuen, hain zuzen, Gasteizko Udalak jasandako kalte ekonomikoa eta ez du iaztik martxan dagoen prozedura artxibatzeko eskatu–.

Nolanahi, epaiketak aurrera egingo du gainontzeko auzi-jartzaileekin –Gasteizko Udala bera, batetik; eta EAJ eta PSE-EE, bestetik–.

Egun Espainiako Osasun ministroa den Alonso Gasteizko alkatea zen operazioa egin zen garaian. Gero Udaleko buru izan zen Maroto berriz, Ogasun zinegotzia zen.