argia.eus
INPRIMATU
Marokoren estrategia zahar-berritua
Josu Jimenez Maia 2025eko uztailaren 23a

"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.

Kezka, ezinegona eta mesfidantza sortzeko helburu komunikatiboa duen testua da, Oporraldia Bakean izeneko programa baldintzatzeko eta sahararrak nazioartean bakartzeko xedez idatzia. Testuaren barne-koherentzia edo kohesioari dagokionez, ideiak ez daude hurrenkera egokian, ez ongi antolatuta, ez ongi arrazoituta. Hori horrela, kohesio faltaren ondorioz, arrazoitzen ez diren topiko batzuk errepikatzen dira, baina bat ere ez da frogatzen.

Koherentea da, ordea, sahararren borroka desitxuratzeko eta terrorismoarekin nahasteko beste testu eta ekinbide zenbaitekin, noiztenka agertzen direnak. Ezin da kasualitatea izan orain ateratzea fake hau, hain zuzen ere, Oporraldia Bakean programaren umeak hasi behar direnean Espainiako Estatura etortzen uda pasatzeko, eta harrera egiteko guraso batzuk falta direlarik oraino –Nafarroa Garaian, bederen–. Izan ere, "albiste" hau irakurriz gero, baten batek pentsatzen ahal du ez duela nahi Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetatik ume saharar bat udara pasatzeko, terrorista-buru bilaka dadin: kausa-ondorio groteskoa.

Bazterrak nahasteko eta kontraesanak sustatzeko "albisteak" egitea behin baino gehiagotan erabili duten estrategia zaharra da, ustezko "albiste" nahasgarriak eta desitxuratuak zabaltzean datzana: toxikazioa, hitz batez errateko. Testuan lotura handirik gabe agertzen diren ideia solte garatu gabeak erraz eztabaidatzen eta ezeztatzen ahal dira banan-banan.

Ez da lehenbiziko aldia Rabat-eko gobernuak egiten dituela ahaleginak sahararrak terrorismo islamistarekin lotzeko

Alde batetik, Saharako errefuxiatuen kanpamentuan egon den edonork badaki sahararrek ez dituztela batere ongi ikusten muturreko musulman horiek, eta oso kezkaturik daudela jihadisten gaiarekin. Artikuluan ematen diren geopolitikaren azaleko zertzeladak direla eta, "ahaztu" egin dira egitate batez: errefuxiatuen kanpamentuak Tindufen daude, Aljeriaren hego mendebaldean, eta ezagun da Aljeriak jihadismoaren kontra daraman borroka. Artikulu horren esanak eta isilduak erakusten dute ustezko "informazio" horien atzean asmo gaiztoaz eta idatzitako testua dugula, Marokoren eta Aljeriaren etsaitasun historikoaren baitan. Facta, non verba.

Bestetik: Cui prodest? Sasi-albiste honek nori egiten dion mesede galdetu behar diogu geure buruari: Oporraldia Bakean programari ez dio mesederik egiten, ezta sahararrei ere, bistan da.

Argi dago Marokori egiten diola mesede, testu osoan aipatzen ez dena baina hasieratik ustezko "albiste" horren iturburu datekeena: "Informazioaren eta Inteligentziaren Zerbitzuak" aipatzen diren horiexek dira artikuluaren e(ra)gileak. Majzen-en ekimenez idatzia edota ordaindutako artikulu hau une berezi batean eman da argitara, eta inteligentzia zerbitzuen ohiko estrategiaren xedeak bete nahi ditu: toxikazioa eta desinformazioa.

Sahararrak zikintzea xede eta, bidenabar, arreta desbideratzea, zeren eta bizkitartean Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko gerrak bizirik dirau, eta Maroko ez da gai izan erresistentzia sahararra garaitzeko. Horrez gaiz, Mohamed VIren osasun egoera, makurrago; erregearen anaia nagusiaren eta haren semearen arteko lehia hor pil-pilean... Nazioarteko "arrakasten" oihartzunak aise saltzen dira marokoarren artean. Izan ere, Majzen-en mugimendu oro Marokoren barneko xake-taulan ere abantailazko tokiak lortzeari beha egiten da.

Berez, ez da lehenbiziko aldia Rabat-eko gobernuak egiten dituela ahaleginak sahararrak terrorismo islamistarekin lotzeko. Errealitatea da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak nazioarteko legaltasuna errespetatzen duela eta Fronte Polisarioak autodeterminazioaren aldeko borrokan mende erdi luzea daraman arren, saharar batek ere ez duela ekintza terroristarik egin. Bere lurraldea okupatu zuen Marokoren kontrako gerra isilduan irmoki jarraitzen dute, Mendebaldeko Saharara noizbait itzultzea amets dutelarik.

Amaitzeko, pozgarria izan da ikustea albistea atera eta berehala Iruñeko Udaletxean Hamdi Mansour eta Mohamed Gailani, SEADek Nafarroan dituen ordezkariak, Iruñeko Joseba Asiron alkateak berak hartu zituelarik, Oporraldia Bakean programari babesa eman eta udan etorriko diren ume sahararren harrera prestatzeko hitzorduan. Artikulu nahasgarri eta nazkagarri horri erantzuteko modu ederra.

Josu Jimenez Maia, idazlea, Saharako Kabiak elkartearen izenean