argia.eus
INPRIMATU
Marokora deportatu dute hamabi urte Gasteizen bizi eta gero
  • Gasteizen hamabi urte bizitzen zeramatzan marokoar bat bere jatorrizko herrialdera erbesteratu dute. Abuztuaren 3an deportatu zuten, Gasteizko udaltzainek bi egun aurretik identifikatua izan eta gero. Deliturik egin ez duen arren, udaltzainek Polizia Nazionalaren eskuetan utzi zuten, bere egozte baimenari 28 egun falta zitzaizkionean.

     

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 07a
Gasteizko udaltzainen irudia (Argazkia: Hala Bedi)

Hala Bedik jaso duenez, atxilotua ez zuten epaitegira eraman ez zuelako deliturik egin eta senide eta lagunei gezurra esan zien polizia nazionalak: Madrilgo CIE batera eramango zutela esan zieten baina bitartean Madrilera zeramaten deportatua izateko.

Ostiraleko  gaueko 00:03 Madrilera bidali zuten, bide guztia atxilotuta eraman zuten eta ez zioten jateko edo edateko aukerarik eman. Madrilen ez zuten CIE batera bidali Barajas aireportuko T3ra baizik, beste hogei pertsonarekin batera deportatua izateko. Melillan lurreratuta, Nadorreko komisariaraino heldu arte lagundu zieten poliziek, deportazioa amaitutzat emateko.

Gasteiztik atera eta 16 orduetara Marokora iritsi zen, bere familiak CIE batean egongo zela uste zuen bitartean. “Ez dugu ustekabeetan sinesten eta uste dugu erlazio zuzena dagoela Gasteizko jarduera polizialaren eta Madrilgo deportazio hegaldiaren artean” adierazi du Salhaketa-Arabak.

Elkarte honetatik ekintza polizialaren larritasuna salatu dute: "Horrelako kasu asko gertatzen dira guk jakin ere izaten ez ditugunak”. Salhaketa-Arabako kideei bereziki “kezkagarria eta onartezina” iruditzen zaie  Gasteizko udaltzainek bizilagunen deportazioan laguntzea.