Astelehenean Saharatik kanporatu ostean, Marokoko poliziak ordubetez atxikita izan ditu Askapenako brigadistak.
Maroko hegoaldeko Guelmin hirian bizi den saharar komunitatearekin elkartzera zihoazela, polizia autobusera igo eta sei brigadistak jaitsarazi ditu. Ordubetez errepidean izan ostean, taxian sartu eta Agadir hirira bidali dituzte berriz. Poliziak izandako jarrera oldarkor eta bortitza salatu du Askapenak.
Ostegunean Agadirtik Guelmin hirira abiatu ziren brigadako sei kideak, Marokoko lur horietan bizi diren sahararren etxeetara. Hiri sarrerara heldu arte bidaia arazorik gabe joan zen, baina behin hara iritsita “brigadistentzat soilik muntaturiko kontrol poliziala” aurkitu zutela azaldu du Askapenak. Kalez jantzitako zenbait polizia autobusera igo, brigadistei pasaportea eskatu eta autobusetik jaitsarazi zituzten.
Polizia komisarioak esan zien herri horretan ez zirela ongietorriak eta ordurako han zen taxian sartzeko, Saharatik kanporatzean egin zuten bezala. Sei euskal herritarrek uko egin zioten taxian sartzeari eta poliziak komisario burua heldu arte errepidean atxikita izan zituen.
Erakunde internazionalistaren arabera, polizia “oso urduri eta asaldatuta” zegoen eta komisario burua heltzean, garrasika eta kolpeka oldartu zitzaien brigadistei. Bitartean, kideetako batek Espainiako enbaxadara deitu zuen.
Ordubeteren ostean, “bultzaka eta oihuka” taxian sartu zituzten azkenean eta berriz Agadir bidean jarri. Poliziaren zaintzapean egin zuten bidaia, atzetik jarraika eta tarteka taxi gidariari deituz.
Erabat isolatzeko nahia
Marokoko gobernuak sahararren aurka darabilen isolatze-politika salatu du Askapenak. Inor “saharar bakar batekin ere” bil ez dadin, brigadistak Saharatik kanpo ez ezik, Marokoko lurretan ere ez dituztela nahi adierazi dute.