argia.eus
INPRIMATU
Markos Gimeno hitzperimentutan

2009ko abuztuaren 03a
Markos Gimenoren besoan palindromoa tatuatuta.

Markos Gimenok  (Ermua, Bizkaia, 1974) irratian entzun zuen lehen aldiz palindromoei buruz. Arratsalde hartan bertan hasi zen euskaraz palindromoak egiten, alegia, aurretik atzera eta atzetik aurrera berdin irakurtzen diren esaldiak asmatzen. Berak esan digu hamar urtean asmatu dituen palindromo onenetarikoak sortu zituela arratsalde hartan. Aztihitzekin, hitzpiluekin jolasean ondo gustura dabilen ermuarrari duela gutxi egin diogu elkarrizketa ARGIA astekarian (2195. zenbakia).

Palindromoen atzaparretan erori nahi baduzu hona Hitzperimentu bat osasunguran Markosen bloga. Ermuarrak ariketak jarriko dizkizu asma ditzazun.

Ez bazara ase eta beste hizkuntzetan munduan zehar zertan ari diren jakin nahi baduzu Nazioarteko Klub Palindromikoak daukan webgunera sartzea gomendatzen dizut. Besteren artean han aurkituko duzu Semagames aldizkaria eta baita Palindromogileen I. Biltzarreko edukiak ere.

Eta palindromoei buruz oraindik eta gehiago jakiteko irrikaz bazaude, bada, Jesús Lladó  eta Pedro Ruizek idatzitako liburua (Sé verla al revés) eskura dezakezu Lladóri hona mezua bidalita: JELLAPA@telefonica.net

Ahaztu baino lehen, Markos Gimeno palindromoekin jolasean dabil bere blogean, baina twitterren ez dago geldirik. “hitzokei” etiketapean hiztegi berezia ari dira sortzen hainbaten artean. Horrelakoak aurkituko dituzu:

barrekada: umoregileen lubakia

gerrikoa: Garzonek ogaindik itxi ez duen tabegna

asma: gaixotasun imajinarioa

andré guison: frantziar jatorriko transexuala

Baina inportanteena ahaztu zait, ez dut palindromo bat bera ere idatzi. Markosek bere jarraitzaileei prestatutako ariketetako batzuk dira ondorengoak.  Handiz idatzita daude, palindromian hala egiten delako.

ADI, URDURI, HAMAHIRU DRUIDA

ZEN ASE, ZEN ADI, GAZTE IA, BIRAO IA, PIZZAGAZ ZIPAIOARI BAIETZ, AGI DANEZ, ESANEZ

IRUZURRA, NARRU-ZURI!

“ANATOLIK AZKENA BILA”, “TAUK SENA HAN”, “ESKUA TALIBANEK ZAKILOTAN”, A!