Urriaren 15ean palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko geldialdia egingo dugu, indartsu. Itxiko ditugu enpresak, elkarteak, egoitza publiko zein pribatuak, industrialdeak. Zaharren egoitzak edo ospitaleak ez, zerbitzu minimoak %100ean jarri dituztelako, zerbitzu ohikoak ez baitira minimora ere iristen. Hortxe, greba egunetan hain nabarmen geratzen zaigun errealitatea.
Euskal langileriak “nahikoa da!” esango du urriaren 15ean, berriz ere. Oraingoan ere bihotza birrinduta, elkartasunak ematen duen minez, inpotentziaren amorruaz. Eta irtengo gara kalera, ziurrenik nahi baino isilago, oihu egitea biolentoa dela barruan sartu digutelako akaso. Baina hain beharrezkoa da molestatzea, hain beharrezkoa da batzuen bakea oztopatzea, bestela aldarrikapena ez delako aldarrikapen, soilik geure barrenak baretzeko modua baizik.
Urriaren 15a ez da izan marko propioa aldarrikatzeko eguna, difuminatu delako Espainiako mobilizazioekin. Baina urriaren 16tik aurrera, marko propioaren aldeko borroka berreskuratu behar genuke
Hiru edo lau orduko deialdia egin, agenda propioari lehentasun txikiagoa edo handiago eman, urriaren 15a ez da soilik genozidioa salatzeko eguna izango, edo ez luke izan behar. Ezinbestekoa da boikota aldarrikatzea, Israelgo Gobernuarekin harremanak eteteko eskatzea, CAF bezalako enpresei interpelazio zuzena egitea. Iruñean Israelgo estatua estatu kriminala dela aldarrikatu genuen moduan, urriaren 15ekoa ez da izango, ez luke izan behar, postureoak babesteko mobilizazioa. Gobernuen postureoak salatu behar ditugu, benetako neurriak, blokeoak, boikotak exijitu behar ditugu. Praktikatu behar ditugu, Carrefour moduko kateei iskin egiten.
Urriaren 15a ez da izango marko propioa aldarrikatzeko eguna, difuminatuta geldituko delako Espainiako mobilizazioekin. Baina urriaren 16tik aurrera, marko propioaren aldeko borroka berreskuratu behar genuke. Euskal gehiengo sindikala, euskal gehiengo sindikala izan dadin. Galtzen ari garena gehiago gal ez dezagun, gure txikientzat gizarte justuago bat eraikitzen segi dezagun.