Markel Olano (EAJ) astearte arratsaldetik Gipuzkoako ahaldun nagusia da, bere alderdiaren eta PSEren aldeko botoekin. Agintaldi hasierako debatean Olanok datozen lau urteetarako dituen asmoak azaldu ditu.
Ramon Solak Naizen azaldu duenez, hautagai jeltzaleak 90 minutuko tartean zeukan arren ordu erdi nahikoa izan du bere proiektua esplikatzeko. Errauskailuaren proiektua berreskuratuko duela baieztatu du, “edo bestela azpiegitura-premia berrien aurreikuspenetara egokitutako planta bat”.
Proposamen ekonomikoak
Gainera, EH Bilduk aurreko legegintzaldian indarrean jarri zuen Aberastasunaren eta Fortuna Handien Gaineko Zerga erreformatuko duela esan du.
Bestelako proposamenak ere egin ditu politikari beasaindarrak: urtero 50 milioi euroko aurrekontua izango duen plan bat iragarri du “promozio ekonomikorako eta enplegurako” eta Pasaialdean “arreta berezia” jarriko dutela iragarri du.
Konbenioak enpresarien esku
“Enpresa-konbenioen negoziazioetan aurreko politika sozialeko arduradunek izan duten muturreko interbentzionismoarekin bukatuko dugu”, aurreratu du Olanok Diputazio berriak lan-harremanetan izango duen rolari buruz hitz egin duen zatian.