Markel Olano eta Jose Ignacio Asensiori gutun irekia

  • Gipuzkoan urteak daramatzagu hondakinen arazoa ezin gaindituta. Talde politikoek planteamendu ezberdinak dituzue gaiaren inguruan, eta ondorioz erakundeetan aldian-aldiko arduradunek politika kontrajarriak jarri dituzue abian, bai udalerrietan, bai mankomunitate mailan, bai eta lurraldekoan.


2017ko martxoaren 09an - 09:33

Eta arazoak bere horretan dirau. Egun, zuek daukazue ardura nagusia hondakinen gaian: Jose Ignacio Asensiok GHK-Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari bezala, eta Markel Olanok GHK-ren akziodun nagusia (%33) den Gipuzkoako Foru Aldundiko Aldun Nagusi bezala.Behin eta berriz errepikatzen diguzue ia konponduta dagoela, urrats bat besterik ez dela falta. Baina ez da egia, arazo handiena ez baita zer egin behar dugun bizi garen gizarte hiper-kontsumista honetan sortzen dugun hondakin kopuru izugarriarekin. Sakonean dagoena, arazoei konponbidea emateko aukeratzen dugun eran, eta arazo horien erabilpen maltzurrean baitago. Talde politiko ezberdinek elkarren artean mokoka ibili zarete, egun batean argumentu bat eta hurrengoan kontrakoa erabiliz aurkaria ahuldu eta abantaila politikoa lortzeko. Eta ez zarete konturatzen gizarteak garai hori gainditu nahi duela, aspertuta gaude, zuek zuen egoskorkeria horretan jarraitzen duzuen artean, kalteak denok jasan behar ditugulako.

Hondakinen gaian erabaki garrantzitsuak hartu dira azken aldian. Dena baza bakarrera jokatu duzue: errausketa. Eta osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen zuzeneko ondorioei buruz dauden iritzi ezberdinetan sartu gabe, instalakuntza hori edukitzeak ondorio bezala ekarriko du birziklatzean egingo den ahalegina Europatik eskatzen diren minimoak betetzera mugatuko dela. Bere eraikuntza justifikatzeko tranpak egin dira, hala nola biztanle kopuruaren hazkunde sinesgaitza aurreikusi, etorkizunean sortuko den zabor kopurua puztu...

Bitartean, ez dakigu zaborrarekin zer egin, eta Mutiloakoa bezalako irtenbideak asmatu beharrean aurkitzen zarete. Goierriko eskualdeari oraingoan ere loteria tokatu zaio: Hedabideetako iragarkietan zabortegiak itxi dituzuela zabaltzen duen aldi berean, Gipuzkoako zaborraren zati handi bat hurrengo urteetan Mutiloa herri txikira (266 biztanle) ekartzea erabaki duzue. Dena ondo aztertuta eta prestatuta dago: Hondakin geldoen isurtegi batean zabortegi berri bat irekitzeko bidea ia isilpean prestatu duen enpresa pribatu bati (Lurpe-Cespa- Ferrovial) esleitu, eta eskuak garbitu, bide batez, enpresa pribatura milioika euro bideratuz.

Eta horretarako herritarren nahiaren gainetik pasatzeko prest zaudete. Inolako begirunerik ez duzue izan kaltetutako herrietako (batez ere Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegi) biztanleekiko, ezta gure udal ordezkariekiko. Zuzenean herrietara joan beharrean, komunikabideetara bidali zenuten prentsa oharra.

Ondoren, sortutako zalaparta baretzeko udal ordezkariekin bilera bat egin, eta ez duzue gehiago aurpegia eman. Haien harreman saiakerak saihestu egin dituzue, mespretxatu. Hedabideetan udal autonomiaren aurkako erasoak ikusi behar izan ditugu, gainerako gipuzkoarrekiko “solidaritate” eskaerekin batera. Gure eskualdean zegoen zabortegi publikoa, Sasietakoa, solidaritate horregatik dago itxita aurreikusitako epea baino lehen: eskualdetik kanpoko zaborra jaso zuelako. Beraz gai horretan gure eskuzabaltasuna agerikoa da.

Legediaren aitzakiarekin, zilegitasunik ez duen erabakia azken muturreraino eramateko prest zaudete. Zer egin behar du honelakorik nahi ez duen udalerri txiki batek? Baimenik ez eman, eta ondorio juridiko eta ekonomiko neurrigabeei aurre egin? Txantaia hutsa da herritarrentzako.Joan den abenduaren 18an Ormaiztegiko kaleak bete egin genituen, Lurpe isurtegiraino egindako manifestazioan asmo honen aurkako iritzia aldarrikatuz.

Aitzitik, zaborraren arazoaren tamaina murrizteko neurri eraginkorrik ez dugu ikusten apenas. Eta helburu hau lortzeko bidea zein den argi dago: Hondakin gutxiago sortu, eta sortutakoaren gehiena birziklatu. Horretarako, gaikako bilketa bultzatu, toki bakoitzean erabakitzen den eran, baina helburu garbi honekin: Sortzen den errefusa kopurua neurri drastikoan eta epe laburrean jaitsi. Posible da, gure eskualdean eta beste batzuetan (Debagoiena,…) erakusten ari garen bezala.

Baina hau zuentzako orain arte ez da lehentasuneko kontua izan. Nola azaldu bestela, Mutiloako Cespa-Ferrovialekin sinatutako kontratuan, hiru urteetan zehar zabor kopurua berdina izatea? Edo GHK-k mankomunitateei kobratuko dien tasetan, errefusa merkatu eta organikoa garestitu izana? Edo mankomunitateek ordaindu beharko duten diru kopuruetan, ongi birziklatzeak ia abantailarik ez izatea?

Horregatik, aurrerantzean zenbat errefusa sortuko dugun erabaki politiko bat da, erakundeek (nagusiki GHK-k eta beraz Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mankomunitateek) nahi duzuen bezain baxua izan daiteke (bere mugekin, baina horietatik oso urruti gaude!), herritarrok erakutsi bai dugu baliabide egokiak ematen zaizkigunean gauzak oso era txukunean egiteko gai garela.Beraz, gure proposamen eta eskaera argia luzatzen dizuegu erakundeei: Egin dezagun denon artean benetako ahalegina banaketa gainditu eta azken garaietan gure lurraldean ia arazo handiena izan dena behingoz merezi duen mailara jaisteko, denon mesederako izango da eta.

Hau guztia aldarrikatzeko, prentsaurreko jendetsua burutuko dugu ondoren zehazten diren egun eta tokian. Gaiarekin kezka duten herritar guztiei luzatzen diegu deialdia:

Martxoaren 12a, igandea, eguerdiko 12etan, Donostiako Gipuzkoako Plazan, Birziklapenaren alde, Mutiloara Zaborrik Ez!

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude