argia.eus
INPRIMATU
Markak hautsi ditu Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaiak
  • 18.000 lagunetik gora bildu ditu Uharten Sortzen Elkarteak, Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaian. Aurreko bi urteetako esperientzia txarra atzean utzi eta jendetza bildu du XIX. edizioak, eguraldi onak lagundurik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko maiatzaren 19a
18.000 lagunetik gora bildu ziren Uharten.

Orain arte Iruñeko Takoneran egin den festak Uharte izan du aurten bilgune eta piratez bete da herria. Duela bi urte ekaitzak ilundu zuen jaia eta iaz bertan behera utzi behar izan zuten, eguraldi aurreikuspena ikusita. Aurten, oso bestelakoa izan da emaitza, eta pozarren daude antolatzaileak. Edizio honetan estreinatu duten tonbolako 14.000 boletoak, adibidez, hiru ordutan amaitu ziren.

D ereduak izandako gorakada nabarmendu zuten. Hezkuntzak egun bizi dituen mehatxuak ere azpimarratu zituzten, bereziki Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen LOMCE eta Nafarroako Gobernuak ingelesa txertatzeko duen PAI proiektua.

Arga ibaiertzeko giro ona lortzeko atzean egon den lanaz mintzatu ziren antolatzaileak: "Gure eskoletako proiektu berritzaileak edota gaur bezalako azpiegiturak eraiki eta martxan jartzeko ezinbestekoa den auzolana da gure altxorraren funtsa".

75 ikastetxe hezkuntza eredu propioaren alde

1991n sortua, Hego Euskal Herriko 75 ikastetxe batzen ditu Sortzenek, balore jakin batzuen baitan egituratuko den euskal hezkuntza eraikitzea helburu.

Sei puntu nagusitan zedarritzen du elkarteak bere eskola proposamena: euskalduna eta eleanitza; autonomoa pedagogian eta kudeaketan; langileen baldintzak defendatuko dituena; demokratikoa; kalitatezkoa; eta doakoa, pedagogia berritzailean ariko dena.

Sortzenen Ikasle Eleanitzak Programaz artikulua egin du Saioa Alkaizak Argian.