Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.
Pedro Sánchezek astelehenean iragarri zuen NATOko buruarekin negoziatu zuela eta gastu militarrera %5a bideratzea ez zela beharrezkoa. Horren ordez, gobernuak NATOk eskatuko dituen gaitasun militarren kompromisoak beteko dituela adierazi zuen, baina horrek ez zuela inolako zifra zehatzik mahaigaineratzen.
Astelehenean bertan, aldiz, Mark Ruttek ukatu egin du Espainiako Estatuak bete behar ez izatea %5eko kompromisoa. Rutteren hitzetan, "NATOn ez dago bazterketa klausularik, eta ez ditu itun edo akordio paralelorik aurreikusten". Pedro Sánchezek aipatu zituen kompromiso militarrak betetzeko, gobernuak gutxienez BPGren %3,5a gastatu beharko duela aurreikusten du Ruttek: "Espainiak uste du helburu horiek %2,1eko gastuarekin lor ditzakeela. NATO erabat ziur dago Espainiak %3,5 gastatu beharko duela hori lortzeko".
2029ko epemuga
NATOko kide bakoitzak gastu militarrean egiten dituen aldaketen inguruan informatuko duela eta 2029an gastuen egoeraren berrikuspena egingo dutela gogoratu du Ruttek: "Herrialde bakoitzak egiten ari denaren berri emango du aldiro, gastua eta helburuak lortzeari dagokienez. Beraz, ikusiko dugu. Nolanahi ere, berrikuspen bat egongo da 2029an".