argia.eus
INPRIMATU
Mariano Rajoy: “Kontsulta galarazteko neurri guztiak prest dauzkagu”
  • Diada egunean Kataluniako independentziari buruzko kontsultaren alde milaka herritarrek egingo duten erakustalditik egun gutxira, Espainiako presidente Mariano Rajoyk adierazi du Artur Masek erreferendumarekin aurrera egitea erabakitzen badu, “kontsulta galarazteko neurri denak prest” dituztela.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 09a
Alicia Sanchez Camacho pozik agertu da Mariano Rajoyren esanekin eta "Espainiaren etorkizuna espainiar guztien erabakia" dela esan du. (Arg.: Vozpopuli)

Ez ginateke Gobernua izango, galarazteko gertu ez bageunde”, adierazi du Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri Ministroak Rajoyren adierazpenak babestuz. Kurtso politikoari hasiera emateko bilkuretako batean egin ditu adierazpenak.

Espainiaren batasuna eta zuzenbide estatua” ez direla hautsiko esanda, alderdi popularreko kideei lasaitasun mezua helarazi die Rajoyk. Beste behin argi utzi nahi izan du azaroaren 9an erreferendumik ez dela izango, “legez kanpokoa delako”.

Jadanik konstituzio-kontrakotasuneko helegiteak gertu dituztela baieztatu du Carlos Floriano PPko idazkariorde nagusiak; horien artean, Kataluniako parlamentuak onartu nahi duen kontsulta-legearen aurkako helegitea eta erreferendumaren deialdiaren aurkakoa aipatu ditu.

Alicia Sanchez Camacho Kataluniako PPko buruzagia pozik agertu da Espainiako Gobernuen esanekin. “Ezin gara aurreratu jazotzeko dauden eszenatokietara, baina PPk eta Gobernuak espainiar guztiei ziurtatzen diete Espainiaren etorkizuna espainiar guztiok erabakiko dugula".

Euskal Herriko ANCren aurkezpena eta V erraldoia Bilbon

Bestetik, Diadak ere izango du isla Euskal Herrian. Asteartean 20:00etan Assemblea Nacional Catala erakundeak Euskal Herriko adarra aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokian.

Aurkezpen-ekitaldiaren aurretik, 18:30ean V erraldoia irudikatuko dute Kafe Antzoki aurrean, ostegunean Bartzelonan egingo den mosaiko erraldoiaren aldeko keinu gisa.