Urriaren erdialdean kaleratuko du Ttarttalo argitaletxeak Lo que dije, y digo, Mariano Ferrer kazetariak 1991 eta 2010 urteen artean hainbat hedabidetan plazaratutako iritzi artikuluak biltzen dituen liburua. Imanol Murua kazetariak hautatu ditu testuak. Halaber, Muruak berak Ferrerri egindako elkarrizketa ere jaso du liburuak. Elkar.com webgunean elkarrizketaren pasarte batzuk argitaratu dituzte, aurrerapen moduan. Besteak beste, Ferrerrek dio, kazetariaren independentziaz galdetuta, hein batean, bertsio ofizialekiko sinesgaitz jokatzeak inorekin ez ezkontzen lagundu diola, nahiz eta kontuan izan behar den norberak egin ala esaten duenak gainerakoengan eragina duela.
Ferrerren hitzetan, berak ez du deus "demokraziaren militantea den kazetariaren kontra". Dioenez, "horrek zer inplikatzen duen jakitea da kontua; zein punturaino uko egiten diozun zure lanbideari ETAren aurka militatzeko, adibide bat jartzearren". Berak "argi" duela dio: "Norberak nahi bezain militantea izan daiteke iritzian, betiere gertaerekin zintzoa bada. Informazioa ematerakoan, ordea, ezin du egiazkoak ez diren gauzak esan, ezin du errealitatea benetan gertatu ez den bezala islatzeko moduan kontatu, ezin du ezagutzen duen egia traizionatu, hura ezkutatuz zein bilatzeari utziz. Ezin du halakorik egin!"
- ARGIAren 2.294. zenbakian (2011-10-16) Sustrai Colinak Deabruaren abokatua sailerako Mariano Ferrerri egindako elkarrizketa izango duzue irakurgai.