Europako Giza Eskubideen Auzitegian Espainiaren ordezkaria izango da hemendik aurrera Maria Elosegui donostiarra. Azken urteetan egin izan dituen adierazpen homofoboek zalaparta sortu dute.
Ez zen Espainiako Gobernuak nahi zuena, baina azkenean, Maria Elosegui izango da Europako Giza Eskubideen Auzitegian Espainia ordezkatuko duen epaile berria. Aldeko 114 boto jaso zituen Zaragozako Unibertsitateko katedradunak, 76 Jose Martin Pérez de Nanclaresek eta 37 berriz Francisco Pérez de los Cobos Konstituzio Auzitegiko presidente ohiak Asanblada Parlamentarioan.
Eldiario.es agerkariak, Eloseguik azken urteetan egin izan dituen adierazpenen bilduma sareratu du. Zalaparta sortu dute adierazpen horiek, giza eskubideen auzitegiko epaile berriak homosexualitatea gaixotasun batekin lotu baitu besteak beste.
“Identitate sexuala, biologikoarengandik aparte eraikitzea posible da, nahiz eta horren emaitza ziurrenik ez den positiboa izango, pertsonalitatearen eraikuntzan eragingo du”, adierazi zuen epaileak almudi.org Opus Deiri loturiko agerkarian egindako elkarrizketan. “Euren jokabide sexuala, sexu biologikoari lotuta garatzen duten horiek jarrera orekatu eta sanoa izango dute, aldiz aurka doazen horiek gaixotasunak garatuko dituzte, argi dago”, ondorioztatu zuen Eloseguik elkarrizketan.
“Gaur egungo emakumeek ez dute emantzipatu nahi”, hala uste du Europako Giza Eskubideen auzitegiko epaile berriak. Abortuaren inguruan ere eman du bere iritzia, epailearen ustez, “abortua legez kanpokoa izateak ez du emakume gehiagoren heriotza eragiten.”