argia.eus
INPRIMATU
Maria del Pilar Hurtado Montaño giza eskubideen defendatzailea hil dute Kolonbian
  • Etxebizitza eskubidea defendatzeagatik mehatxuak jasoak zituen. Ostiralean hil zuten tiroz, Tierraltan (Kolonbia).

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 25

Ekainaren 21ean hil zuten tiroz Maria del Pilar Hurtado Montaño Tierraltan, bere lau seme-alabetako biren aurrean. 34 urte zituen.

Hurtado giza eskubideen defendatzailea zen, eta etxebizitza duin bat izateko eskubideagatik borrokan ekintzailea. Etxebizitzaz hornitzeko, erabileraz kanpo zegoen Tierraltako lur zati batean bizilekuak eraiki zituen, beste familia batzuekin batera. Andrés Chica giza eskubideen defendatzaileak BBCri jakinarazi dionez, eremu hori Tierraltako alkatearen aitaren jabetzakoa da, eta Hurtado hasieratik izan zen lurren kontsezioa lortu nahirik negoziaketa saiakeretan aritutako norbanakoetako bat.

Ekainean AGCk (Kolonbiako Autodefentsa Gaitanista) publiko egindako idatzi batean hainbat pertsona mehatxatu zituzten, Hurtado tartean. Idatziaren bidez ekainaren 1era arteko epea ematen zieten lur eremuan finkatutako pertsonei, bertatik alde egiteko. Ordutik aurrera bertan aurkitzen zuten edozein “jo puntu militar” izango zela adierazten zen.

Chicaren hitzetan, Hurtado “ez zen inongo sindikatu edo antolakundeko parte, baina bai komunitateko liderra eta lur eremuan finkatutakoen izenean hitz egiten zuen negoziatzailea”.

INDEPAZen (Garapenerako eta Bakerako Ikerketen Institutua) arabera, 2016tik 1019ko maiatzera bitartean, 702 lider sozial eta giza eskubideen defendatzaile hil dituzte Kolonbian.