“Venezuelako herriaren eskubide demokratikoen alde egindako lan nekaezinagatik” eman diote 2025eko Bakearen Nobel saria María Corina Machadori, Jorgen Watne saria eman duen batzordeko lehendakariak ostiral honetan Oslon jakinarazi duenez.
Maria Corina Venezuelako oposizioko burua da eta epaimahaiak nabarmendu du garai batean zatituta egon zen oposizioa batzea lortu zuela. Aitortu dio, halaber, “diktaduratik demokraziarako trantsizio justua” era baketsuan gauzatzeko “egin duen borroka”.
Corina Venezuelan bertan baina klandestinitatean dago 2024tik eta hori ere aintzat hartu du epaimahaiak: “Mehatxu larriak jaso ditu eta, hala ere, berak herrialdean jarraitzen du”, eta hori bere aldeko askoren inspirazio iturri dela azpimarratu dute. “Diktaduren eta aginte autoritarioen aurrean askatasuna defendatzea” aitortu dio epaimahaiak Corinari.
2024ko Venezuelako lehendakaritzarako hauteskundeetan Nicolas Maduro presidenteak iruzur egin zuela eta bere burua arriskuan ikusten zuela salatu zuen Corinak, eta horregatik klandestinitatera iragango zuela. Venezuelako lehendakaritzako hauteskundeetan, oposizioaren gehiengoa batzea lortu zuen Plataforma Unitario Demokratikoko buru moduan aurkeztekoa zen Corina, baina Venezuelako Auzitegi Gorenak inhabilitatu zuen hainbat ustelkeria kasu leporatuta.
Hauteskunde horiek Nicolas Madurok irabazi zituen, eta 2030era arte izango da karguan. Edozein modutan, AEBak eta Europar Batasuna buru, munduko herrialde askok hauteskundeetan iruzur egin duela-eta ez diote zilegitasunik ematen haren aginteari.
Azken hilabeteetan AEBek Maduro narkotrafikoarekin lotu dute, besteak beste, eta AEBen esanetan “narkotrafikoarekin lotutako” hainbat itsasontziri eraso egin die eta horietan ziren pertsona ugari hil. Madurok salatu du AEBak Venezuelako inbasioa prestatzen ari direla.
AEBetako Etxe Zuriak ere eman du bere iritzia sariari buruz eta esan du sari-ematean “irizpide politikoak” gailendu direla. Donald Trumpek zazpi gerretan bakea lortu duela zabaldu du Etxe zuriak eta horregatik Nobel Saria merezi zuela. Azken egunetan, esate batera, asko aipatu da Hamas eta Israel presionatu dituela su-etena sariaren aurretik gauza zezaten.