argia.eus
INPRIMATU
Margolan berria Errekaleorren: Martxoaren 3an hil zuten Romualdo Barroso bizilagunaren eraikinean
  • Romualdo Barrosoren etxearen horman egin du margolana Irantzu Lekuek.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko martxoaren 01
Romualdo Barrosorena zen etxearen horman egin du Lekuek horma-irudia. Argazkia: I. Lekue

Gasteizko Errekaleor auzo okupatuak horma-irudi berria du. Arrazoia Martxoaren 3aren urteurrena da; Poliziak bost langile hil zituen asanblada bat egiten ari zirela Zaramagako elizan. Horietako bat, Romualdo Barroso, Errekaleorreko bizilaguna zen. Hori dela eta, horma irudi honek gertatutakoa gogora ekarri nahi du, eta aipamen berezia egiten dio Salvador Puig Antich-i, garrotez 1974ko martxoaren 2an hildako anarkista eta antifaxista katalanari. "Auzoko kultura lantaldeak Puig Antich gogoratzen zuen horma irudia integratzeko asmoa helarazi zidan eta horixe egin dut", azaldu du egileak.

Sena izeneko artelan honekin, 21 dira zerupean kokatutako museo hau osatzen duten horma-irudiak. Street art-a auzo honetan aztarna uzten lehenengo arabar emakumea da Lekue. 65 metro karratu dituen artelan honek Poliziak gasarekin elkartutako langileak kanpora ateratzen errepresentatzen du goikaldean, gris ezberdinak erabiliz. Lan honek inspirazio picassianoa du eta ezinegonaz zein desesperazioz betetako irudiak lagunduz, martxoaren 3ko ikurra topa daiteke bertan. "Kolore paleta motza erabili nahi izan dut kontrastez bete eta lana balore sinbolikoz osatzeko. Horrexegatik beltza, txuria, grisa eta gorria dira gehien ageri diren koloreak", azaldu du Lekuek.

Auzo honetan haien aztarnak utzi duten horma-irudi egile eta artista ospetsuenak hauexek dira: Blu (Italia), Tomas Facio (Argentina), Barricada Gráfica eta El Yako (Chile), Ocu eta Kerozen (Errumania) edota Nicole Salgar (AEB). Pareta hauetan ere Escif, Manolo Mesa, Zora eta Juli; Andrea Btoy edo El Rey de la Ruina-ren artelanak topa daitezke. Hiriko zirkuitu turistiko tradizionaletik urrun, ibilbide artistiko alternatibo honen jatorria, auzo okupatuaren sendotzetik dator, bertakoen ezinegon artistiko batetik, eta mezuak paretetan adierazten hasi zirenean. Denborarekin Errekaleorrek mundu osoko artistei zabaldu die gonbitea, auzoa street art-aren jarraitzaileentzako erreferentzia bihurtuta.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.