argia.eus
INPRIMATU
Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak
  • “Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko abuztuaren 27a
"Mapa bat baino ez dela dirudi, baina ez da hala, Afrika bazterrekoa den ideia sustatzen du mapa horrek, munduko bigarren kontinente handiena izan arren".

Mercator planisferio klasikoak (goiko irudian) Afrikaren dimentsioak nabarmen txikitzen ditu, baina oraindik ere oso erabilia da mapa hori. Orain, aspaldiko kexari batu zaio Afrikako Batasuna, herrialde afrikar guztiek osatzen duten erakundea, eta tamainak modu errealagoan islatzen dituzten mapak hobesteko eskatu du.

“Mapa bat baino ez dela dirudi, baina ez da hala, Afrika bazterrekoa den ideia sustatzen du mapa horrek, munduko bigarren kontinente handiena izan arren”, kritikatu dute ekimenaren atzean daudenek. “Umeek mapa horietatik ikasten dute eta hazten dira pentsatuz Afrikak tamaina xumea duela, zer eta erraldoia denean. Afrika benetan dena baino txikiagoa agertzen bada, herritarren eta agintarien iruditerian ere pisu txikiagoa hartzen du; mapa zuzentzea errealitatea aldarrikatzea da, duintasun kontua, baita heziketa ere”.

Pentsa, AEB, Txina, India, Japonia eta Europaren zati handi bat elkartuta irudikatu behar dugu Afrikaren benetako dimentsioa. Edota aipaturiko mapamundian, Groenlandiak eta Afrikak antzeko tamaina dutela dirudi, baina hamalau aldiz txikiagoa da Groenlandia.

"Afrikarrek garatzen duten pertzepzioa da Afrika ez dela hain esanguratsua. Nortzuk garen eta munduan dugun pisua benetan sinetsi behar dugu"

Poskolonialismoa apurtzeko saiakeren eta afrikar identitatea aldarrikatzeko mugimenduen garaiotan, nazioarteari begira bakarrik ez, etxe barrura begira ere egin du aldarrikapena Afrikako Batasunak: “Afrikarren artean, bereziki belaunaldi gazteen artean, Afrikaren benetako tamainak konfiantza eta harrotasuna zabaltzen laguntzen du. Afrikarrak hazten direnean mapa distortsionatuak ikasiz, garatzen duten pertzepzioa da Afrika ez dela hain esanguratsua. Nortzuk garen eta munduan dugun pisua benetan sinesten dugunean, asko erraztuko dira gainerakoekin ditugun harremanak”.

Equal Earth

Mapa desitxuratua Gerardus Mercator kartografoak egin zuen, 1569an. Ez zuen helburu kontinenteak behar bezala irudikatzea, itsas nabigaziorako lagungarri izatea baizik, baina hori da XVI. mendeaz geroztik oso ohiko bihurtu den mapa. Afrikako Batasunak eskatu du Equal Earth mapa erabiltzeko –gero eta erabiliagoa, arlo eta sektore guztietan–, herrialde eta kontinenteek dimentsio errealekiko proportzio berdinak mantentzen dituztelako. Bernhard Jenny, Tom Patterson eta Bojan Savrič hirukotearen emaitza da Equal Earth (beheko irudian).

Afrikako Batasunak garbi du: mapan tamaina aldatzeak ez du desoreka ezabatuko, baina subkontzientean dugun irudi okerra zuzentzen lagunduko du.