argia.eus
INPRIMATU
MaƱuetako oroigarri frankista seinalatu dute hainbat gaztek
  • "Frankismoaren adierazpen zehatzen" eta "faxismoaren berrindartzearen kontra mobilizatzera eta antolatzera" deitu dute.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko irailaren 26a
Gedar

Mañuetan (Araba) jarrita segitzen du udal-jabetzako eraikin bateko inskripzio faxistak. Francisco Javier Garcia alkateak (PP) behin eta berriz esan du mantendu egingo duela oroigarria, eta bertan irakur daiteke oraindik: "Jainkoagatik eta Espainiagatik eroriak" ("Caídos por Dios y por España"), Gerra Zibila deiturikoan faxisten alde aritu ziren lau bizilagunen oroimenez.

Duela gutxi, oroigarria seinalatu dute hainbat gaztek, bertan Faxismoa borrokatu leloa margotuz eta "78ko erregimenaren apurketa faltsua" salatuz. Ekintzaileek azaldu dutenez, "frankismoaren erreforma soil bat" izan zen horren abiapuntua, "aurreko erregimenaren politikak demokrazia burgesean integratu" baitzituzten. Uste dute horrek "sinbologia zein ideologia frankista gure garaian presente mantentzea" ekarri duela.

Horregatik guztiagatik, "frankismoaren adierazpen zehatzen kontra borrokatzera" deitu dute, baita "diskurtso erreakzionarioen zabalpenaren eta faxismoaren berrindartzearen kontra mobilizatzera eta antolatzera" ere.