Lezertua Arartekoa izan da 2015eko ekainetik, eta astearte honetan, hamar urte geroago, kargua utzi du. Titular berria hautatzeko prozedura ireki da.
Lezertuak karguari uko egin dio. Ararteko ohiaren hitzetan, beharrezkoa da "pertsona berri bat, ideia berriekin eta epe luzeagoko proiektu batekin". Ararteko berria izendatu arte, bere ondokoa, Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa izango da.
Lezertuaren helburua azken hamar urteetan izan da erakundea giza eskubideak eta askatasunak defendatzen "erreferente moduan finkatzea" eta, euskal administrazio publikoen eremuan, "araudia gizatasunez aplikatzea, pertsonen (batez ere ahulenen) inguruabarren arabera interpretatuz", Arartekoaren arabera.
Lezertuak prentsaren aurrean adierazpenak egin ditu. Datorren Arartekoak bete beharreko baldintzak azaldu ditu: "Pertsona independentea izan behar da, alderdi politikoekin loturarik ez daukana eta giza eskubideen defentsan ibilbide profesionala izan behar du". Agintaldiaren balorazioa eginez, ziurtatu du erakundea "indartu" dutela: "Erakunde sinesgarrria eraiki dugu. Hala ere, kasu gehiegi ditugu, pasa den urtean 15.000 kasu inguru izan genituen eta horri erantzuteko lan metodo berriak behar dira, gainera, arartekoaren legeak 40 urte ditu eta berrikuntzak egin beharko lirateke haren lana hobetzeko".
Arartekoaren hautaketa abian
Titular berria aukeratzeko, Eusko Legebiltzarraren hiru bosteneko gehiengoarekin onartu behar da izendapena. Egun legebiltzarkide gehien dituzten alderdiak EAJ (27), EH Bildu (27) eta PSE-EE (12) dira. Beraz, EAJ eta EH Bildu ados jartzearekin nahikoa izango litzateke. Bost urterako izendatzen da arartekoa eta behin bakarrik berrautatu daiteke. Hautaketarako orduan ez da posible "ez" botoa ematea, soilik "bai", abstentzioa eta boto zuria eman daitezke.