Geroa Baiko lehendakari eta Nafarroako lehendakariorde izandakoa enpresa bati 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik zegoen auzipetuta, Davalor auzia deiturikoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du auzia behin betiko artxibatzea, legalki kasua ikertzeko epea gaindituta dagoela argudiatuta. Geroa Baik salatu du "Nafarroako eskuinak justiziaren erabilera alderdikoia" egin duela.
Manu Ayerdi Nafarroako Garapen Ekonomikoko salburu-ohi eta lehendakariorde izandakoa auzipeturik zegoen Davalor auzia behin betiko artxibatzea erabaki du Nafarroako Probintzia Auzitegiak, aurretik auzitegi horretako 2. salak eta Iruñeko Instrukzio Epaitegiak egin bezalaxe. Arrazoi bera eman du justiziak: ikerketa judiziala epez kanpo luzatu dela, Prozedura Kriminalaren Legeak markatutako hamabi hilabetetik gora, hain zuzen.
Davalor enpresari Sodena sozietatearen bidez 2015 eta 2017 urteen artean 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik auzipetu zituzten Ayerdi eta Garapen Ekonomikoko Saileko beste hainbat kargu, UPNk prebarikazioa eta diru-publikoa xahutzea egotzita kereila jarri zuelako.
Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ireki zuen ikerketa baten ostean, eta orduan Ayerdik dimisioa eman zuen. Behin forudun izateari utzita, Iruñeko epaitegiak hartu zuen auzia ikertzeko ardura, baina instrukzioa 2022ko otsailera arte luzatu zuen, legezko epearen gainetik
Kereila horren ondorioz, 2021ko urtarrilean Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ireki zuen ikerketa baten ostean, eta orduan Ayerdik dimisioa eman zuen. Behin forudun izateari utzita, Iruñeko Epaitegiak hartu zuen auzia ikertzeko ardura, baina instrukzioa 2022ko otsailera arte luzatu zuen, hau da, hamabi hilabeteko legezko epea igarota. Hortaz, orain Nafarroako Probintzia Auzitegiak ebatzi du 2022ko urtarriletik aurrerako diligentziek ez dutela baliorik.
"Funtsik gabeko akusazioak"
Erabakia jakin eta berehala Gero Baik babesa adierazi dio Ayerdiri eta esan du "funtsik gabeko akusazioetan oinarritutako" auziari eman zaiola amaiera. Are gehiago, salatu du "Nafarroako eskuinak –UPNk kereila jartzeaz gain, PPk ere helegiteak jarri ditu auzian zehar– justiziaren erabilera alderdikoia" egin duela.
Zentzu horretan, EAJk, bere aldetik, erantzukizunak esaktu dizkie bi alderdi horiei, "Manu Ayerdiren iblbide politiko eta profesionalari egindako kalteagatik". UPNk berriz, adierazi du Ayerdi "zigorrik gabe" geratu dela "prozesuan izandako akats batengatik".