argia.eus
INPRIMATU
“Aliatuek zorrak barkatu eta laguntza ekonomikoa eman zioten Alemaniari”
  • Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Greziara egin duen bidaiaren harira, Manolis Glezos Syriza koalizioko diputatu greziarrak idatzitako gutuna plazaratu dute gaur hainbat hedabidek. Okupazio naziaren erresistentziaren ikurretako bat da Glezos. 90 urte ditu, eta 1941ean bandera nazia Akropolitik kendu zuten bi gazteetako bat da. Garai hartakoak ditu gogoan argitaratu berri duen idatzian: "Alemaniak historia ahaztu ez izana espero dugu. (...) Aliatuek zorra barkatu eta laguntza ekonomikoa eman zioten Alemaniari". Idatzia euskaraturik ekarri dugu hona:

2012ko urriaren 10
Manolis Glezos.

Uste dugu gure egitekoa dela Merkeli zein Greziako lehen ministroari zera gogoraraztea:

1. Alemania handi eta boteretsuak ez duela eskubiderik bere egitekoak ez betetzeko, Greziari –Nazioarteko Eskubidearen arabera– berea dena kenduz. Bestetik, Greziak ere ezin die bere eskubideei uko egin.

2. Nazioarteko Eskubidearen eta ohorearen eta moralaren giza-printzipioen urraketek arriskua sortzen dutela Europa odolustu duten fenomenoak errepikatzeko. Nazien krimenak aitortzeak basakeria horiek berriro ez gertatzea bermatzen dute. Gure herriak ez du ahaztu, eta ez du ahaztu behar. Ez du mendekua eskatzen, justizia baizik. Alemaniarrek ere ahaztu ez izana espero dugu, euren memoria historikoa gogoratzen ez duten herriak kondenaturik baitaude akats berdinak errepikatzera (...).

Espero genuen kantzilerrak aliatuek Alemaniarekin erakutsi zuten jarrera bera hartzea. 1953an zorrak barkatu eta babes ekonomikoa eman zioten Alemaniari, eta garatzen eta berreraikitzen lagundu zioten. Greziak esfortzu horrekin bat egin zuen. Ez dugu kantzilierra afaltzera gonbidatzeko asmorik, baina Kaisarianiko tiro-eremua [1944an naziek 200 greziar hil zituzten bertan] bisitatzera gonbidatzen dugu, ikus dezan gerra amaitu eta 67 urtera belarrak hazi gabe jarraitzen duela hainbeste odol isuri zen lekuan. Lurrak ez du ahazten. Pertsonek ere ez dute ahazteko eskubiderik.

Unea da Alemaniako Die Linke ezkerreko alderdiko presidente B. Rixingerren ahotsarekin bat egiteko. Merkeli eskatu dio Greziaren polarizazioa handitzea mehatxatzen duten murrizketa basatien kontra dauden herritarrei entzuteko. Era berean, Grezia giza-hondamendiaren atarian dagoela ohartarazi dio.

Greziarrak polarizazioa sufritzen ari gara jada, Urrezko Egunsentia alderdiaren agerpenarekin. Besoak gurutzatuta geratu behar al dugu, giza-hondamendiaren ondorioak ikusteko zain? Beranduegi izango da orduan. Ez soilik Greziarentzat, Europa osoarentzat baizik.