argia.eus
INPRIMATU
Mankomunitateak deuseztatzeko asmoa dauka PPren gobernuak
  • Administrazio lokalaren erreformarekin, Espainiako gobernuak 3.500 milioi euro aurreztu nahi ditu. Baina horretarako, mankomunitateak deuseztatu eta zinegotzi kopurua gutxitu nahi du.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 09a
Udaletan murrizketa handiagoak ekarriko ditu erreformak.

PPk 2012ko abenduaren 29an bidali zion erreforma hori egiteko aurreproiektua PSOEri eta horren ondoren zabaldu denez, Espainiako Estatuko udalei hainbat konpetentzia kendu nahi dizkie. Gainera, udalen gainetik dauden erakundeak deuseztatzea jarri du helburu Rajoyren gobernuak –mankomunitateak edo kuadrillak, adibidez–.

Helburu horrek talka egin dezake EAEko edo Nafarroako marko juridikoarekin. EAJko Emilio Olabarriak Noticias de Gipuzkoari aurreratu dionez, Gernikako Estatutuak eta Lurralde Historikoen Legeak babesten ditu udalen gaineko erakunde horiek.

Olabarriak, erreformaren xehetasunak ezagutzen ez dituen arren –PPk oraindik ez die gainontzeko alderdiei bere asmoen berri zehatzik–, kezka adierazi du: Espainiako gobernuak EAEren berezitasunak “ahaztu” ote ditzakeen susmoa daukala adierazi dio Raquel Ugarriza kazetariari.

Bestalde, Rajoyk %30 inguru gutxitu nahi du zinegotzi kopurua eta soldata izango duten ordezkari publikoen kopurua zehaztuko du, herritar kopuruaren arabera. Gainontzeko zinegotziek dietak bakarrik kobratu ahalko dituzte.