Lau hiriburuetan mobilizatuko dira. Sektoreak egoera “oso gogorra” duela azaldu dute, eta negozio asko behin betiko ixteko arriskuan daudela. Zergen, alokairuen eta tasen beherapenak eskatu dituzte.
Agerraldia egin du SOS Ostalaritza ekimenak Donostian, eta sektorea egoera oso larrian dagoela ohartarazi dute bi bozeramailek. Pandemiaren aurrean neurriak hartzeko beharra onartzen dutela adierazi dute, baina ez dutela ulertzen, aldiz, “beste sektore batzuen aurrean” haiei ezartzen zaizkien murrizketa estuagoak.
Diru sarrerek %60-80 artean murriztu direla azaldu dute, eta negozio asko “behin betiko” ixteko arriskuan daudela. Egoeraren adierazle, ostalari batek eman duen lekukotasuna: “Askok etxea berriz hipotekatu behar izan dute alokairua ordaindu ahal izateko, eta askok galduko dute etxea. Nik neuk ere kreditua eskatu behar izan nuen martxoan, konfinamenduko hiru hilabeteak oso-osorik ordaindu behar izan nituelako. Aurrezki guztiak ari naiz honetarako erabiltzen”.
Instituzioei laguntza eskatu die SOS Ostalaritzak. Kataluniako Generalitateak hartutako neurriak izan dituzte hizpide, itxi duten negozioei alokairua erdira jaistea ezarri duela nabarmenduz. Zergen eta tasen beherapenak eta “Lan Erregulazio Espediente batek kaltetuta dauden langileei unean uneko ordainketa egitea eta horiek onartzeko eta BEZa aldi baterako murrizteko izapideak erraztea”.
Beren egoera ikustarazteko eta laguntzak exijitzeko manifestazioak egingo dituzte azaroaren 7an, arratsaldeko 17:30etan, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian.