Kontseiluak egin du deialdia, “jauzia egiteko garaia delako”. Euskara bermatzeko “neurri ausartak” hartzeko ordua dela azpimarratu dute antolatzaileek.
“Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu” lelopean, manifestaziora deitu du biharko Kontseiluak. Golem-etik abiatuko da, arratsaldeko 17:30ean. Besteak beste, iazko apirilean Anaitasunan egindako ekitalditik gaur arte jazotakoak salatzeko baliatuko dute ekitaldia, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak aurkezpen prentsaurrekoan adierazi zuenez.
“Denbora tarte honetan, hainbat gertaera jazo da eta kalera ateratzeko beharra berretsi besterik ez digute egin”, azaldu zuen Bilbaok. Gertaera horien artean sartu zituen, besteak beste, Iruñerrian ETBren seinalea eteteko agindua, eta Iruñeko haur-eskolen eskaintzaren inguruan hartutako erabakia, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Baztango euskara plana bertan behera utzi izanarekin batera.
Biharko deialdia egiteko arrazoitzat jo zituen adibideok zerbaiten adierazle zirela iradoki zuen idazkari nagusiak: “Erregimenak Gobernuan egon edo ez esku luzea duela eta ondorioz, gauzak lotu ezean euskaldunak egoera ezegonkorrean” uzten dituela azaldu zuen.
Horregatik, eta “jauzia egiteko garaia” dela argudiatuta, biharko manifestaziorako deialdia egin du Kontseiluak. Bilbaoren hitzetan, euren aldarria “kalera ateratzeko beharra oraindik ere beharrezko ikusten” dutelako.
“Euskarari bide eman behar zaio, neurri ausartak hartuz. Uste dugu jauzia egiteko garaia heldu dela. Bestetik, euskarari bide eman behar zaio, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako” esanaz amaitu zuen prentsaurrekoa.