argia.eus
INPRIMATU
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 27an Nafarroako gaztetxeen alde indarrak biltzeko
  • Maravillas, Errotxapea eta Lizarrako gaztetxeen aurkako prozesu judizialak irekita daude eta epe motzean kaleratuak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute manifestazioa deitu dutenek.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko urriaren 17a

Nafarroako zazpi gaztetxek deitu dute urriaren 27an Errotxapeako gaztetxetik abiatuko den manifestazio nazionala: Errotxapea, Barañain, Lizarra, Burlata, Zizur, Berriozar eta Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxeak. Indarrak bildu eta gune autogestionatuek jasaten duten errepresioa salatzeko xedea du Iruñean egingo den martxak.

“Gaztetxeen loraldia” gertatzen ari da azkenaldian manifestazioa deitu dutenen arabera, eta uste dute “loraldi hau zapaltzeko edozein baliabide erabiliko dutela” klase menperatzaileek.

Egoera honen aurrean, “edozein gune autogestionaturen aurkako erasoa guztionganako erasotzat” ulertuz, auzo eta herri guztietan “borroka bateratua” egin behar delakoan daudela azpimarratu dute.

Errotxapeako gaztetxearen epaiketa

2017ko maiatzean hasi zen Errotxapeako gaztetxearen arduradun gisa identifikatu zituzten hiru pertsonaren aurkako epaiketa eta urriaren 31n berrabiatuko da.

La Caixak, Iruñeko Udalak eta Talleres San Pedro enpresak osatutako konpentsazio-batzordea da auzi-jartzailea epaiketa horretan –banketxea da eraikinaren erdia baino gehiagoren jabea– eta manifestazioa deitu dutenen arabera, prozesu-judizialaren jarraipenak proiektuaren etorkizuna kinka larrian jar dezake.

Auzipetutako hiru gazteek 40.000 euroko kostu judizialei aurre egin beharko diete.