Tren istripuaz geroztik, protestak ugariak dira Grezian. Igandean milaka herritar bildu dira parlamentu kanpoan, hildakoei babesa adierazteko eta trenbide sarean segurtasun estandar hobeak eskatzeko. Amaitzean, poliziaren eta manifestarien arteko istiluak nagusitu dira. Gobernuak barkamena eskatu die hildakoen familiei eta akatsak onartu ditu.
Poliziaren eta manifestari-talde baten arteko liskarrak piztu dira igandean Atenasen, Greziako parlamentu kanpoan. 10.000 ikasle inguru, trenbideetako langileak eta ezkerreko aldeko kideak Greziako tren istripuko hildakoei babesa adierazteko eta trenbide sarean segurtasun estandar hobeak eskatzeko protesta egin dute.
Al Jazeera hedabidearen arabera, manifestariek gasolina-bonbak jaurti dizkiote Poliziari. "Krimen hori ez da ahaztuko" esan dute manifestariek etengabe, globo beltzak askatzen dituzten bitartean. Poliziak gas negar-eragileak eta granadak jaurtiz erantzun du. Minutu gutxiren buruan, Syntagma plaza okupatu du, eta manifestariak inguruko kaleetan sakabanatu dira.
Greziako Poliziaren arabera, 12.000 pertsona bildu dira igandean Legebiltzarraren aurrean dagoen zelaigunean, pasa den asteartean Larissa hiri zentraletik gertu izandako talkagatik erantzukizuna eskatzeko.
Herritarrak herrialde osoan zehar manifestatu dira azken hiru egunetan. Trenbideetako langileek ere protestak egin dituzte asteazkenetik, kostuen murrizketa eta trenbide azpiegiturako inbertsioaren gutxitzea salatzeko.
57 hildako gutxienez
Gutxienez, 57 lagun hil eta dozenaka zauritu ziren, 350 pertsona baino gehiago zeramatzan tren batek merkantzia tren batekin talka egin zuenean. Nagusiki unibertsitateko ikasleez beteta zegoen trena. Greziako gobernuak barkamena eskatu die familiei eta egindako akatsak onartu.