Kapitalismoaren lekuan lekuko eta garaian garaiko egoerara moldatzeko gaitasuna harrigarria egiten zait batzuetan. Espero ez duzun tokian azaltzen dira antzekotasunak, eta hara non, bat-batean konturatzen zara munstroak Mallorcan hartzen duen itxura ez dagoela etxean bertan bizi duzunetik hain urruti; makillajea eta jantzia aldatu ditu, portaeran, ordea, alderik ez: ahal dela, bizitza(k) xurgatu.
Rosa etxera etorri zenean, Mallorcaz ez genekien ezertxo ere; lau gauzatxo kenduta, turisten inbasioetara mugatzen zen gure ezagutza. Rosarekin hilabetez bizi izanak mugitzeko gure modua eta mugimendua bera birplanteatzera ekarri gaitu.
Turismoaz, besteak beste, luze hitz egin dugu mahaiaren bueltan, eta une jakin batean, galdera pausatu genion: ze ezberdintasun dago bidaiari eta turistaren artean? Erantzunak mamuak piztu zituen: zoazen lekuan zu egoteko egiturazko aldaketak gauzatu behar badira, turista zara. Adibidea ere jarri zigun: baserritarrak turistak etxean hartzeko janaria sortzeari uzten badio eta nekazari-turismoa irekitzen badu, hor egiturazko aldaketa dago, bertakoentzako galera, eta ez edozein; azken finean, elikadurarako eskubidean urraketa gertatzen da –hau bereziki larria da irla batez ari bagara–.
Halako batean, mamuek gure etxeko oporrez jardun zuten, hitz eta pitz; isilune deserosoaren ostean, galdera are deserosoagoa etorri zen: zenbat Mallorca txiki sortu dituzue bazterretan?
Rosari entzundakoak birpasatu ditugu. Bertakoek zailtasun izugarriak dituzte etxebizitza eskuratzeko, izan alokairuan izan jabetzan. Geolokalizazioak bukatu ditu irlatarren umetako paradisuak. Nekazaritzarako edo abeltzaintzarako lurrak prezio urbanistiko-espekulatibotan daude, ezin barazki, esneki edo haragiarekin horiek ordaindu eta norbera bizi. Iturburuek ezin hornitu udan bikoizten den populazioa eta euren beharrak eta nahiak. Naturaren babeserako legeen gainetik dago kirolari coolaren inperioa –kirolaria ez den beste edozein cool balitz ere, berdin balio du–. Turismo sektorean lan egiten dutenen lan eta bizi baldintzak esklabotzatik gertuago daude langileen eskubideen kartatik baino. Gero eta gehiago dira hoteletan lanean ari direnen artean nagusiei eskatzen dizkietenak sotoetan ohatzeak jar ditzatela, arren, lo egiteko lekurik ezin dutelako ordaindu. Demasiak balkoietan du ostatu: Ibizan balkoi batean bizitzearen truke 500€ ordaintzen dira. Eta ez dago ihesbiderik, 83 kilometroak bukatutakoan, aio esperantza eta kaixo erbestea. Jarrai nezake zerrendarekin, baina gibelak ezin du amorru gehiagorekin, hark ere gainezka egin du.
Zein mailatan elikatu dugu, denok ere, kapitalismoaren makinaria hori?
Ez da alferrik etorri Rosa gurera. Etxe honetan berak zenbateraino ikasi duen ez dakit, guk dezente. Badira zazpi bat urte Quimi, beste wwoofer – proiektu edo baserri ekologikoetara etortzen diren bolondresak– bati, arrazoi politikoak zirela eta hegazkinik ez hartzen ikasi genionetik. Gazte hark Lleida eta Suitzaren artekoak lurrez egiten zituen, garraio publikoan. Hura Linak berritu zuen neguan, Alemaniarako bidaia hura ere lurrez eginda. Rosa etorri da dena berritzera eta osatzera.
Hau idatzi bitartean, komunikabideetatik –publiko zein pribatu– jasotzen diren datuak kontrako noranzkoan doaz. Dena da poza eta bozkario Loiuko aireportutik zenbat hegaldi atera diren esatean, harrotasuna uhinetan bidaiatzen da hoteletako eta ostatuetako okupazio-maila aipatzeko orduan. Hurrengo asteotan etorriko da turistek ustez utzitako dirutzen gorazarrea.
Datuen B aldeari inork ez dio erreparatzen, inon ez dira azaltzen pertsonengan eta planetan utzitako ajeak. CO2 isurien lorratzik ez da ageri. Ezta energia kontsumoaren murrizketarik ere. Klima-aldaketa auzo dago. Trantsizio energetikoa lekualdatu da. Oporrek utzitako hutsuneak sekretupean gorde dira.
Agerikoa da, ordea, lagun batek dioen moduan, jaietako azken egunean gaudela eta ez diogula mozkortuta egoteari utzi nahi, barraketatik jaitsi gabe bizi –edo– nahi dugula.
Bitartean, planetak jada musika kendu du eta hasi da argiak itzaltzen. Gonbitoen kiratsak dena hartzen du.
Etxera joateko ordua aspaldi jo zuen erlojuak.