argia.eus
INPRIMATU
Israelgo bandera duten ontziei sarrera debekatu die Malaysiak
  • Entitate sionistak Gazan egiten ari den sarraskiari erantzunez hartu du erabakia Malaysiako Gobernuak, “oinarrizko printzipio humanitarioak urratzen dituztelako”. Israelera doazen itsasontziek ere debekatuta izango dute Malaysiako portuetan merkantziak kargatzea.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 22a
Israelgo Zim multinazionaleko ontzi bat

Malaysiako Gobernuak asteazkenean iragarri du Israelgo bandera duten itsasontziak edota Israelera bidean doazenak Malaysian ezingo direla porturatu edo geldialdirik egin, ZIM Israelgo ontzi-multinazionalen merkantzia-ontziak barne. Hala adierazi du lehen ministro Anwar Ibrahimek: “Malaysiak eta Israelek harreman diplomatikorik ez eduki arren, Malaysiako portuetan erregulartasunez pasatzen diren ZIM ontziei debeku espezifikoa ezarriko zaie”.

Murrizketa hauek berehala sartuko direla indarrean adierazi du lehen ministroak, Israelek Gazan egindako sarraskiarekiko erreakzio gisa, “oinarrizko printzipio humanitarioak urratzeaz gain, lege unibertsala urratzen dutelako zibil palestinarren aurkako sarraskien eta ankerkerien ondorioz”. Malaysiako Gobernuak azpimarratu du erabakiak ez diela kalterik eragingo bere merkataritza-jarduerei.