argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 25 atxilotu Katalunian, diru publikoaren ustezko malbertsazioagatik
  • Gutxienez 25 lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak Katalunian, 2012 eta 2015 artean kooperaziorako ziren europar dirulaguntzak ustez desbideratzeagatik.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 24a

Kataluniako Generalitata eta Bartzelonako Diputazioa izango lirateke Stella izena jarri dioten operazioaren epizentroa eta ustelkeriaren kontrako unitateak hartu du bere gain. Europar Batasuneko dirulaguntzak desbideratzea egozten diete, zenbait hedabidek prozesu independentistarekin lotu du iruzurra; La Vanguardia egunkariak, "prozesu independentistan kolaboratu" eta urriaren 1eko erreferenduma finantzatzen laguntzeko malbertsazioa egiteagatik izan dela azaldu du hasiera batean.

Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, Enric Millók nabarmendu du agindu judizial batetik eratorritako operazioa dela. Sumarioa sekretupean dagoela azaldu du Millók eta funts publikoen ustezko desbideraketa ikertzen ari direla baina ez dakiela U1-arekin lotura duen. Operazioak aurrera egin ahala ez da argitu lotura hori.

CUP eta CGTren salaketa Diputazioaren aurka

CUP erakundeak salaketa jarri zuen Bartzelonako diputazioaren aurka iruzurragatik eta CGT sindikatuak La Jornada egunkari katalanari azaldu dionez ziur daude salaketa horrekin duela lotura. hortaz, duela urtebetetik ariko litzateke epaitegia malbertsazio kasua ikertzen.

Besteak beste, Victor terradellas Catrmón Fundazioko zuzendaria, Jordi Castells Bartzelonako diputazioko zuzendari ohia, Joan Carles Garcia Cañizares, Torderako alkatea, eta Salvador Esteve Bartzelonako Diputazioko presidentea daude atxilotuen artean.