argia.eus
INPRIMATU
Makroetxaldeen aurkako Plataformak Caparrosoko behitegiko araztegiaren proiektua errefusatu du
  • Bi errekurtso aurkeztu ditu Ingurumen Sailaren hainbat ebazpenen aurka; Lorea Flores Greenpeaceko koordinatzailea eta plataformako kidearekin mintzatu gara.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko ekainaren 06a

Gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egin dute Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformako kideek Valle de Odieta Caparrosoko enpresaren asmo berriak salatzeko. Plataformak legea betetzen dela bermatzeko eskatu dio Foru Gobernuari, eta "abeltzaintza eredu tradizionalak" defendatu dituzte, hau da, "ustiategi txikiak, batez ere ekologikoan eta estentsiboan, lurraldeari lotutakoak eta erakundeek bultzatutakoak". Izan ere, Caparrosoko behitegian araztegi baten proiektua eta hondakin-urentzat proposatutako irtenbidea gaitzetsi dute; biek ala biek “ingurumena kaltetzen dute” eta Europa mailako gidalerroak ez dituzte betetzen. Bi gora jotzeko errekurtso aurkeztu dituzte Ingurumen Sailaren hainbat ebazpenen aurka.

Lorea Floresek adierazi duenez, “eskuragarri dauden teknika hoberenak aplikatuko dituztela diote, baina Europa mailan badaude gidaliburuak eta proiektu honetan erabiliko direnak ez erabiltzea gomendatzen dute”. Proiektu honek “ez du ziurtatuko benetan ureztatzeko kalitate aski izango duen urik sortzea” eta bestalde, plataformak salatu duenez, “izugarrizko kostua dauka” eta “ingurumenari kalte egiten dio”. Era berean, Caparrosoko enpresak ustiategia handitzeko asmoak dituela kritikatu du plataformak, “850 behietan dago gehienezko kopurua eta dagoeneko gainditzen dute”.

Nafarroako Parlamentuak otsailean onartu zuen Nafarroako Animalien Osasunari buruzko Foru Legea aldatzeko eta makroetxaldeei animalia muga jartzeko proposamena aintzat hartzea. Dekretu horren arabera, behi-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezarri zituzten, baita gehienezko ekoizpen-ahalmenari dagokionez ere, 850 behin kopuruan ezarri zutelarik. Hala ere, Errege Dekretua indarrean sartu aurretik muga hori gainditzen zuten ustiategiek beren ekoizpen-bolumenari eutsi ahal izango ziotela iragarri zuten, baina inola ere ez handitu. Lorea Floresek salatu duenez, “legez kontra” doa behitegiaren proposamena eta “enpresa honek beti horrela jokatu izan du, lehenbizi handitu, eta ondoren, baimena eskatu”.

Plataformak azaldu duenez, makroetxabearen jabeak, “lau proiektu zatikatu aurkeztu ditu instalazioak handitzea errazteko”; "7.900 behi ugaltzaile, urtebetetik beherako 2.172 txahal eta 1.300 bigantxa lortzeko, guztira 11.372 abelburu". Proiektuak banaka erregistratzean “baliabide naturalen gaineko inpaktu metatzaile eta sinergikoen gutxiespena" dagoela berretsi dute. Hartara, Ingurumen Sailari  "tramitazioa gelditzeko, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketa bateratua egiteko eta azterlan hori jendaurrean jartzeko” eskatu diote.