argia.eus
INPRIMATU
Makro-onurak, mikro-ondoezak
Pablo Gonzalez Lopez 2025eko abuztuaren 26a

Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen gaituzte politika instituzional eta parlamentarioko kideek. Haientzat, “gizartea” bloke bat da, banako baten gisara ikusten dute: zer komeniko al zaio gure gizarte kuttun eta homogeneoari?

Migrazioarekin kritikoak direnak haien migrazio politikak mintzaira irmoz ahoskatzen dituzte, segurtasunaren izenean eta balizko kriminalitatearen kontra. Akaso bezain arriskutsuak dira migrazio politika nagusien aldeko politikari gehienak. Hizkera humanitarioz eta ia paternalistaz, immigrazioaren onura ekonomiko eta kulturalak gogorarazten dizkigute, betiere adreilu bakarreko “gizarte” horren izenean. Baina gizartea ez da adreilu bat.

Abdou Senegaletik dator, 28 urte ditu eta nire herrian bizi da. Akaso bizirauten da. Galtzerdi pare batzuk erosi dizkiot jada, eta gauez, herriko festetan, betaurreko batzuk ere bai. Batzuetan nire aitarekin topatzen da tabernaren batean eta berarekin kafe bat hartzen du. Eta ziur nago momentu horiek askoz gehiago balio dizkiotela edozein diru-sarrera baino. Horrela idatzita, erraz ikus dezakegu Abdou ez dela onurarako tresna bat, baizik eta pertsona bat dela. Nire aitarekin kafea hartzean pasatzen duen ordu erdia aterki ziztrin baten erosketak baino gehiago balio dion bezala, Abdouk ez luke bere bizitza-duintasuna lan-indarraren edo edozein onura demografikoren truke saldu beharko. Denok berdinak baldin bagara legearen aurrean, nolatan ez dut nik nire erabilgarritasuna erakutsi behar hemen bizitzeko?

Immigrazioaren aurkako jarreren arazo nagusia zera da: pertsonak dauden lekuan, krimena ikusten dela. Erraza da krimenaren kontrako iritzia ematea; izan ere, errazena da. Krimenaren izaera, osaera eta egitura behatzea da zailena. Bereziki horrela da ez dagoelako krimenik aulkiak edo hozkailuak dauden modu berean: azkenengo horiek asmakizun praktikoak dira, helburuaren arabera zehaztuak. Krimenaren ideia kategoria artifiziala da, baina krimena ez da funtzio bat duen zerbait (gutxienez esplizituki), eta, beraz, hura zehaztearen helburu bakarra da hura izendatzea.

Horrela, uler dezakegu krimen kontzeptua giza ondoezaren manifestazio hutsa dela. Botere-egiturek pertsona bat ondoezera kondenatzen dutenean, krimenera murrizten da banako hori, mespretxagarria den horretara.

Izan ere, Hego Globaletik datozen migrazio-mugimenduekin pobrezia bat dator berez: ez da pobrezia unibertsala, eta ez da beti ekonomikoki azaleratzen, baina kapital kulturalari dagokionez manifestatzen da. Immigrazioa legez kanpokoa dela diogunean (eta beraz, krimena dela), esaten ari garena da sisteman akats bat dagoela, hau da, gaixotasunaren sintoma bat: historikoki eragin den gaitz sistemikoa agerian uzten du. Noski, gaitz hori ez da migrazioak (abstraktuan) dakarren berezko zerbait. Izan ere, Xabi Albizu, Lur Iraola eta Arkaitz Rodriguezek idatzi bezala, "migrazioak ez du, berez, jendartea desorekatzen. Jendarteak errealitate horri ematen dion erantzuna da, kasuan, desorekak eta arazoak sor ditzakeena".

Argi dago etorkinak ondoez teleologikora baztertuta daudela: haien funtzioa sufritzera murrizten da gizarte honetan. Horrela kriminalizatzen da pertsona edo komunitate bat, horrela deshumanizatzen dira hainbeste gizabanako: ondoezera murriztuz.

Baina horrelakoak soilik gertatzen dira immigranteak zuriak ez direnean. Alemaniatik, Suediatik edo bestelako herrialde europarretatik datozenean, “expat” deitu eta digital nomad bezalako terminoekin janzten dugu haien etorrera. Migrazio mota hau turismoak eragindako masifikazioarekin artikulatzen da maiz, eta globalizazioaren aurpegi zapaltzaileena erakusten du. Horrelako fenomenoen aurrean “anti-immigrazio” talde nabarmenen aurkaritza eskasak immigrante ez-zurien aurkako jarreren benetako aurpegi xenofobo eta arrazista azaleratzen du.

Bizitza (eta haren duintasuna) ez da moneta bat edo aldagai sozioekonomiko hutsa. Migrazioaren bilakaera ziurgabea da, eta fluxu-desorekak badira. Horiek konpontzeko neurriak garatzea ez da erraza izango. Baina ziur nago gauza batez: konponbiderik badago, ez da izango makro zentzuan soilik; benetako ongizatea ekarriko duen ikuspegi horrek, gaur egun soilik datu ekonomiko eta demografikoak hautematen dituzten ikusmira ugariak ez ezik, pertsonak ere ikusiko ditu.

Pablo Gonzalez Lopez