EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA
Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.
-------------------------------------------------------
Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko lagunartera berriz bueltatu nahi bat. Duela zazpi urte utzi nituen Bilbo, unibertsitate garaiko ostegunak eta poteo amaigabeak. Alde Zaharrera joatea erabaki dut, norbait ezaguna bilatuko dudalakoan edo. Somera zeharkatu, kale paralelotik itzuli eta Triangu-ra joan naiz. Ezer ez. Eseri naiz ezagutzen ez dudan taberna bateko mahaian, kontzertua hasi aurretik zeozer jateko asmoz. Eta bakardadeak baimenduta, inguratzen nautenei begira hasi naiz. Asteburu usaina nabaria da; jendea gogoz dago, elkar bilatzen, asteko errutinaren monotoniatik ihesi. Ezinbestean behar ditugu horrelako momentuak, ez dut ukatuko, eta nik konpainia falta sentitu dudanik ere ez.
Kafe Antzokira iritsi, eta espero zitekeenez, jende gehiago topatu dut kanpoko terrazan areto barruan baino. Orduan igo dira Miren Narbaiza eta Moxal; eta Billie Eilish-en What was I made for? abestiaren bertsioarekin ireki ostean, “Esaten dute garela oso underground, baina abesti honek Oscarra irabazi zuen”, dio Moxalek. Erdi olgetan, erdi benetan. Sentsazio hori sortzen da nigan Moxal entzuten dudan bakoitzean, ez dakit abestietan serio hitz egiten ari den edo besteokin jolasean ote dabilen.
Banuen horrelako kuriositate bat jakiteko ea nola batuko zitzaion Miren Narbaizaren ahotsa Moxalek kantatzeko duen modu berezi horri. Eta esplikatzen zaila zaidan sinbiosi moduko bat sortu da bien artean; publikoa atmosfera ilun, eta aldi berean, oniriko batean murgiltzeraino. Moxalen abestien gordintasuna dantzagarri bihurtzen du Mirenek.
Empty Files eszenatokira igotzearekin batera bete dira lehenengo ilarak. Publikoan ikusmina nabaria da. Izan ere, talde bilbotarraren jatorrizko formazioa igo da oholtzara, bere lehen diskoa, Shadows (2018), osorik jotzeko. Eta hala egin dute, 10 abestiak eta beste bi bertsio.
Ikuskizuna ez da kontzertu hutsa izan, esperientzia sentsorial oso bat izan da. Hollows abestian, Txufo Wilsonek ia xuxurlaka hasi du kantua, hitz bakoitzak iluntasunean flotatuko balu bezala. Bitartean, atzeko pantailetan, bonba atomikoaren irudia poliki-poliki hurbiltzen, kamera geldoan, hondamendia gure gainera datorrela erakusten. Tentsioa apurka-apurka hazten joan da, eta ia oharkabean, abestiaren leherketa —eta harekin batera, bonba atomikoarena. Soinuak eta sentsazioak hain izan dira benetakoak, ezen momentu batez leherketa aretoan bertan izan dela pentsatu dudan. Sintetizadoreen bibrazioak bertoko guztion gorputzak zeharkatu ditu, ikusezin, baina erraietatik azalera hedatzen den dardara oso bat bezala.
Bilboko iragan industriala erraietatik zabaldu dutela iruditu zait momentu batez: soinu pisutsuak, ilunak eta testura kolpatuek tailerretako makinen burrunbak iradoki dizkidate. Elektronika iluna eta rock industriala, iraganaren pisua arrastaka daraman hiri batean. "Zaharra zara Bilbo" dio kantuak, eta bukatu den kronologia bateko nostalgiak hartu nau kotxerako bidean.