Hamar minutu igaro dira lur hartu dugunetik. Bizkaiko kostatik sartu, Leioa gainetik igaro eta gurpilek ordeztu dituzte hegalak Loiun. Bosteko ilaretan irten behar omen da hegazkinetik eta gu hogeita zazpigarrenean gaude zain. Estatubatuarren ikerlanek diote istripu bat egonez gero, bizirauteko probabilitate gehiago duela hegazkinaren atzealdean eserita doan bidaiariak, baina probabilitateak probabilitate, oraingoz lehenengo bost ilaretako “space plus” aulkietakoak aireportuan daude lasai, eta gu aldiz titanio/altzairu/aluminio aleazio erraldoi honen barruan tinko.
Makina, makina, makina.
Gure txanda iristen denean gainezka egitear dauden motxilatxoak bizkarrean hartu, pasarela estua igaro eta komunetara joko dugu zuzen. Gero, Bilbora eramango gaituen autobusa hartzera bidean, ingurura begiratu eta munduko zirrikiturik erakargarrienak proiektatzen dituzten pantaila eta kartelekin egingo dugu topo nahi gabe. Londres, Frankfurt, Paris. Marrakech, Tanger, Cabo Verde. Bali? Bali. Besteren batean beharbada; oraingoz, welcome to the Basque Country.
Makina, makina, makina. Galduko dugu berriz ere denboraren monopolioa
Barik txartela bilatu, atera, ordaindu, eseri eta hirirantz abiatuko gara. Kaskoak bilatu, atera, jarri eta play: Bueltan da, Bulego. Skip. Mundu guztiak gorroto du…, Nakar. Hobeto. Dena den, ezin ukatu bueltan denik. Bueltan zer? Makina. Nik taupaka dut burua, zuk nahasia sabela, hark nazka aurpegia du. Aspaldi hasi zen aurrerako atzera kontaketa: abuztuak 28, abuztuak 29, abuztuak 30… Bueltan da iratzargailua, kafea, Mr Wonderful-en agenda eta bizkarretik bultza egiten dizun errutinaren mamua.
Makina, makina, makina. Galduko dugu berriz ere denboraren monopolioa.
Aurtengo ekainean izan omen zen Bilbotik New Yorkera lehenengo hegaldia. Tira, ba ez, ez dezala inork pentsa gurea izan denik Bad Bunny-ren Un Verano en Nuevayol, gurea izan da Un Verano en Hegaldi Merkeenak Eraman Gaituen Tokian. Supermerkatuan ia iraungitako entsaladak erosi eta berriz ere atzera egin behar izan dugu egunero kartoizko sardexken bila. Gurea izan da Un Verano en Gazteentzako Deskontua Dagoen Tokian. Eta hala ere ondo, hala ere nik taupaka dut burua orain, zuk nahasia sabela eta hark nazka aurpegia du.
Makina, makina, makina. Galduko dugu berriz ere denboraren monopolioa.
Utziko gaitu autobusak Bilboko geltokian eta plastikozko aulkietan erdi botata itxarongo dugu makinetako Chocobom zuriak jan bitartean. Garestitu egin dira, ez? Hamar minutu berandu baina badator La Unión; berriz ere kaskoak bilatu, atera, jarri eta play: Zeinen ederra izango den, Zetak. Skip. Itzulera, Zetak. Skip. Skip, skip, skip. Gaur itzultzeak ez digu graziarik egiten.
Klink, klank, klunk. Makina martxan hasten denean, nork du gelditzeko indarra? Galduko dugu berriz ere denboraren monopolioa. Klunk, klank, klink.
Eramango gaitu autobusak etxera eta desegingo ditugu lehertzear dauden motxilatxoak. Mamu txiki baten eskua nabarituko dugu poliki-poliki gure bizkarrean pausatzen eta xuxurlatuko digu beste motxila batzuk betetzeko ordua heldu dela. Langileak lanera.
Brum, brum, brum! Makina martxan hasten denean, nork du gelditzeko indarra?
Oraingoz drama handirik ez, hogeita zazpigarren ilaran eserita jarraitzen dugu.
Irail on denoi.