Paris. Modaren astea da. Hiru emakumek ia espazio bera konpartituko dute, baina ez dira beraien artean askorik erlazionatuko, edo ez dute elkarren berririk izango apenas, ez ikusleok adina behintzat. Angelina Jolie aktoreak gorpuztu du Maxime, 50 bat urte inguruko emakume estatubatuarra, zinegilea, Parisera heldu berria film bat ekoiztera. Ada (Anyier Anei) Hego Sudangoa da, 18 urteko neskatoa eta farmazialari ikasketak egiten ari da, baina, aukera zabaldu zaionez, modelo ibilbideari hasiera emango dio Parisen, eta tartean, Maximeren filmean hartuko du parte. Angèle (Ella Rumpf), berriz, makilatzailea da. Lan txikiak egiten ditu han eta hemen, esaterako Maximeren pelikulan, eta Ada modeloarekin harremana estutuko du. Angèlek, baina, ez du lan horretan jarraitu nahi: idaztea du gustuko, eta liburu bat ari da idazten moda sektorearen inguruan. Maxime eta Ada pertsonaiak sartu ditu kontakizunean; azken finean, bera izango zaigu filmeko off ahotsa.
Bada mezu bat filmean oro har gailentzen dena: ez gara gure bizitzan gertatzen diren gauza guztien erantzule, ezta arduradun ere. Izan ere, Ada modeloa eta Angéle makilatzailea, imajinatu dezakegun moduan, moda eta fashion mundu guzti horren atzaparretan katigatuta dauden bi langile dira, gehiago-gutxiago esplotatuak. Baina Maxime ez da salbu: osasun-arazo larri bat atzemango diote Parisera heldu berritan, bere eguneroko bizitzan unean bertan eraginik ez duena, baina dena hankaz gora jarriko duena: bularreko minbizia, eta egoera arriskutsuan. Ea hori nola kudeatzen duen.
Filmaren osagaiak ez ziren hasiera batean onenak. Arestian kontaturikoa gutxi gorabehera bazetorren sinopsian, baina oso-oso azaletik kontatuta, bi lerrotan, eta Angelina Jolie aktoreen zerrendan ikusita, gaizki pentsatu eta azaletik landutako film bat izatea espero genezakeen. Baina Alice Winecour zinegileak lan bikaina egin du, eta harritu gaitu, sorpresarako. Ez dakit ni baino butaka batzuk beherago eseri den Juan Antonio Bayonak zer esango ote duen... Pelikula benetan ederra da, eta gogorra, istorioak horra eramaten baikaitu. Jarraitzeko atsegina. Filma ikusi eta orduak igaro ahala, are hobea iruditu zait, eta batik bat azken eszena.
Gustatu zait pertsonaien garapena nolakoa izan den. Hiru protagonistetatik bakar bat ere ez da gehiegi-gehiegi sakondu, gehiena ziurrenik Maxime; eta gustatu zaizkit batetik besterako trantsizioak. Naturaltasunez eman direla iruditu zait. Gainera, pelikula ez da hiru horietara mugatu: 3 + 2 izan da. Maxime zinegileaz, Ada modeloaz eta Angéle makilatzaileaz aparte, modelo ukrainar bat eta jostun bat ere azaltzen dira hirugarren planokoak baino zerbait gehiago landuta.
Uste dut aipatu behar dela, dena dela, kritikarako izan dezakeela ahulgunerik: langile esplotatuen auzia erakusten badu ere, bere horretan klasista punturik nabarmenduko nioke. Sentsazio aldrebesa sortu dit, oso inportantea ez bada ere. Izan ere, badirudi Maxime dela itxuraz ongi bizi dena, Los Angelesen, zine zuzendari, Parisen errodatuko du hurrengo filma... Baina beste aldetik, filmak erakusten digu denok garela hauskorrak, baita Maxime bera ere. Ados. Gorantz begiratuta, hori. Beherantz, ordea, behe-behean, Angéle izango ote genuke? Hor amaitzen da (modaren barnean dagoen) klase zapalkuntza? Horra nire kezka(txoa).