Nor ote da? Alemanian kapela eranzten dute bere aurrean. Guk makurtu eta sustraiak musukatu beharko genizkioke topatzen dugun bakoitzari. Kolkokoenetakoa dut bai intsusa (Sambucus nigra).
Bihotz onekoa da, oso. Adar berri guztiek bihotz bigun zuri-laruxka dute. Bihotza erraz kentzen zaio. Gauza ederrak sortzeko erauzten zaio bihotza: txilibituak egiteko eta haurren jostailu dotore bihurtzeko. Jostailu hori nonahi ezaguna zen, garai batean. Intsusa adarrari bihotza kendu, hustu eta ufatutu edo seska egiten zen; plausta, flota, balapunpa, polosta, turta, plosta… izen asko du jostailuak. Adar tutuaren barruan paperez, iztupaz edo arkolaz egindako pilotatxoa sartzen zen eta plausta-zotz, boloka-ziri, postola-ziri edo postola-zotz deituriko ziri batekin indarrez eragitzen zitzaion, jaurtigaia ziztu bizian atera eta helburua jo zezan. Toribio Etxebarriak ederki jasoa du bere 1965-1966ko Lexicón del euskera dialectal de Eibar liburuan: "Eskolako gaiztuak, flotakin jaurtzen zetsan maixuari kokotera". Maisuaren kokotea zirikatzen zuen intsusak… Ikasi genuen etxeko eskolan sugeak bezala lapurrak eta jendilajea uxatzeko aproposa zela, oso, intsusa landarea… Garai hartako eskola-ume batentzat magikoa izango zen maisuaren kokotea zirikatzea intsusa ufatutu ñañar batekin. Magikoagoa da gaur egungo eskola umeentzako: ezagutzen duten azti onenak intsusazko makilatxo magikoa erabiltzen du bere aztikerietarako, Harry Potterrek, alegia. Bai, hark badu intsusaren ahalmenen berri… Hari esker gure alabak jakingo ditu; hau lotsa!
Nikolas Zendoiak, atzo, 1998an argitaratu zuen Beranduko birigarroa liburuan dioen bezala: “Etxearen biran, zugaitz jaki-emaleak: udare, txermen (...). Gaiñerako zugaitz jakiñekoak ere bai: intxusa, artea, lizarra, urkia, ta abar”. Intsusa behar du etxe den etxeak.
Ezin da etxekoagoa den arbolarik topatu. Intsusak adina izen duenik ez dut ezagutzen, eta hori da gurekin landareek duten emanhartuaren adierazle nabarmenena: izena. Hona intsusaren batzuk: intxusa, aztunpa, urta, sauke, sauko, sakutia, fluta arbola, flauta, plausta, lintxusa, linsusa, txakotixe, sabuka, sabuka-ondo, sauka, intsusa beltz, sabikoa, intusa, sabuko, zaminka, zamuka, sakuta, txotxika, txutxika, txikutxa, izabuko, katokixe eta luxintxe.
Eta etxeko beste bi lan intsusarentzat. Edanzalea denari esaten zaio “beti barriken intsusan dago”: barrikak ireki eta ixteko zotza edo zipotza berarekin egiten da. Eta aurrekoa bezala Azkuek jasotakoa hau ere: “Satorrak lurra erabili eztezan, satorra dagoan tokian intxusa-adarrak sartzen ditue”.