Zenbat min jasan dezake bihotz batek?
Zenbat aztarna sentitu dezake azkenengo bihotz-taupadara arte?
Jaiotzen garenetik, min desberdinak sentitzen ditugu. Desilusioak eta arazoak, gero eta helduago garenean, orduan eta jasanezinagoak bihurtzen dira.
Jolasa bukatzea arazorik handiena zen sasoia botatzen dut faltan. Baita ogitartekoa txokolatezkoa ez izatea munduko gauzarik txarrena zenekoa ere.
Argi gogoratzen dut urte horietan haserretzen nintzen bakoitzean nagusia izatea desiratzen nuela. Ez nuen benetan ulertzen horren esanahia.
Egoera batzuk sabelean korapilatzen zaizkigu. Beste batzuek, bihotza apurtzen zaigula sentiarazten digute. Heriotza horrelakoa da. Denok bizitza bukatuko dela dakigu, baina ez gaude horretarako prest.
Ez gaude agur esateko prest, ezta azkenengo telefono deia egiteko, edo bihotzez beteriko azkenengo whatsapp-a bidaltzeko ere.
Ez gaude prest geure osteguneko otorduak bukatzeko, gure kontsolamendu deiak ez errepikatzeko. Ezta gure lagunaren irribarre eta bizi-poz hori berriro ez ikusteko ere.
Baina aztarna politak ere baditugu bihotzean. Bizi izandako momentuak, partekatutako barreak, sekretuak…
Bihotzera heltzen diren pertsonak ez dira bertatik inoiz joango. Hori bizitzako arrakastarik handiena delakoan nago.
A ze magia duten besteen bihotzak eta arima ukitzeko gaitasuna dutenek.
Pertsona berezi hauekin zu zeu zaren moduan izan zaitezke, maskara gabe. Beraiekin, etxean zaudela sentitzen duzu eta esaten duten hitz bakoitzak besarkada baten antza dute.
Horrelako pertsonak bihotza handitu egiten dute; beraz, gozatu ez dakigu eta noiz izango den gure azkenengo momentua beraiekin.
Nagore González Ahedo