Maite Barberarena, erizainen grebaz: "Ez gara makina batekin ari, jendeak dira!"

  • Maite Barberarena erizain laguntzaile ari da Isturitzeko Pausa Leku zahar etxean. Menpekotasun egoeran diren zaharren zaintzan ari diren profesionalek urtarrilean greba handia egin zuten Frantziako Estatu osoan, beren eskuetan dauzkaten zaharrak hobeki zaintzeko lan baldintza egokiak eskatzeko.


2018ko otsailaren 19an - 13:12
Maite Barberarenak argazkilariari erakutsi dio grebako mezua tixertan idatzia: "Erizaina haserre".

EHPADeko erizain laguntzaile zira...

Bai, Isturitzeko xahar etxean, orain EHPAD deitzen duguna [Menpekotasuna duen adineko jendeentzako egoitza, frantsesezko sigletan]. Badu 25 urte han lan egiten dutala. Azken hamar urte hauetan gure ofizioa  aldatu da. Hastapenean pikurak eta loturak egiten genituen, kaxetak preparatzen, garbiketa, animazioa ere, orain ez da gehiago hola. Fisikoki lan zaila da, jende pizua altxatu behar baita. Gero ta gehiago galdetzen daukute paperretan, trazabilitatean. Ordenagailuan transmizioak idatzi behar ditugu, adibidez presuna batek jan duenez edo ibili denez… Bainan ez dugu denborarik horren egiteko. ARSek [Eskualdeko Osasun Agentzia] dio dotazioak transmizioen arabera eginen dituela, ikustera jin gabe, horientzat behar duzu beti ordenagailuaren aintzinean izan, eta ez xaharrekin. Ez dute errealitatea kondutan hartzen.

Beste aldaketarik ikusi duzu

Publikoa aldatu da, lehen ez zen Alzheimerrik aipatzen. Orain eritasun hori ikusten da gero ta gehiago. Aski berezia da: xaharrak arrunt galduak dira, beti eskuin ta ezker abian dira eta guk besteak utzi behar ditugu horien xeka joaiteko. Jende xaharrentzat untsa da elgarrekin egoitea, baina gure lan baldintzendako zailago da. Bestalde, gero ta zaharragoak dira, gehienek 90 urte dute. Beste publiko bat badugu ere, arazo psikiatrikoak dituena. Beste manera batez artatu behar ditugu jende horiek, beti ari gira formakuntzak egiten.

Lehen, langile gutiago ginen bainan publikoa ez zen hain autonomia gabekoa. Orain gehienak jeiki behar dira, garbitu, beztitu, jatekoa eman, animazioetarat eraman… Gure xahar etxean 75 pertsona badira eta bakarrik 10-15 autonomoak dira. Goizean 8 erizain laguntzaile gira, goizeko 6etan hasten gira eta toaleta guziak finitzen ditugu 11.45etan. Arratsaldetan 4 gira. Beharrik animatzaileak badirela ez baitugu denborarik animazioetan aritzeko.

Azken egun hauetan, protesta ekitaldiak antolatu dituzue...

Zuzendariak sindikata guziekin elkarretaratu dira problema pausatzeko eta deliberatu dute greba egin behar zela, postuen eskasa salatzeko. Ez gira maxina batekin lanean ari, jendeak dira. Zaharrek behar gehiago dituzte eta guk denbora gutiago badugu bakotxaz okupatzeko. Baldintza horietan beti ta langile gehiago gelditzen da, fisikoki akituak baitira, bizkarrean eta espaldetan min dutelakotz, eta psikologikoki zaila baita ere publiko horrekin aritzea. Beharrik ez gira beti leku berean egoiten, postuz aldatzen gira.

Negoziaketek zer eman dute?

Entzun dut 50 milioi euro emanen dutela. Gure zuzendariak erran dauku gure xahar etxearentzat astean behin langile bat gehiago ukanen genuela. Ez da fitsik, egun guziz behar ginuzke laguntzaile gehiago, gutienez bat gehiago goizean eta bi arratsaldean. ARS-i kotazio sistema arraikustea galdegiten dakogu ere, gaur egun laguntzak emanak baitira GIR [adineko pertsona baten autonomia galera neurtzeko indizea] kotazioaren arabera: autonomia gutiko jende ainitz balin bada, laguntza azkarragoa da. Beraz gure indarreri esker jendea berriz pixkortzen badugu (GIR kotazioan pundu gehiago balin badute), gure dotazioa apaltzen da!!

Geroa nola ikusten duzu?

Ez dakit. Nik joan den urteaz geroz beste manera batez ikusten dut. Ofizioz aldatzea ere ez dut baztertzen. Luzaz bizkarreko minarekin egon niz, ez dakit erretreta artio lan hortan aritzen ahalko nizanez. Ukanen dugun problema da ere erizain laguntzaile gero ta gutiago badela gure ordezkatzeko. Formakuntza eskolak ez dituzte betetzen. Gazteek ez dute holako leku batera joan nahi, nahiago dute klinikan lan egin. Nik biziki maite dut ene lana, beharrik giro ona dugula, elgar lagunduz, horrek salbatzen gaitu.

Xaharren lekua kanbiatzen da gure herrietan?

Leheno etxeetan egoiten ziren gehiago, laborantxan ere ainitz jende baitzen. Emaztea egoiten zen etxaldean lan egiteko, eta etxen jende zaharretaz okupatzen zen ere. Orain kanpoan lanean ari da, bizia ere aldatu da. Ainitzek diote ez dutela xahar etxera joan nahi, bainan ez dira denak desgogotik sartzen. Xaharrentzat zailena da etxearen dolua egitea bainan gero erraiten daukute biziki kontent direla, batek erran data zeruan baino hobekio zela zahar etxean. Irri egiten dugu xahar etxean, beharrik! Ez dira enoatzen, bizi gune bat da. Zonbait aldiz etxeetan bakarrik dira, foteilan egoiten dira egun guzia, nehor ikusi gabe, ez dakit hobekio denez. Bederen zahar etxean xutituak dira eta jendea ikusten dute, animazioak egiten dituzte, sekulan ez dituztenak egin ere, batzu zinemarat edo plaiarat joan dira.

Ainitzek diote xahar etxea azken punta dela; etxen ere hiltzen dira jendeak ! Baditugu 15 urte hauetan hor direnak. Zahar etxean adinetako bat emaiten delarik kulpabilitate sendimendu bat bada, bainan nola egin? Guk ahal duguna egiten dugu, jende batzuentzat horien familia gira. Hori guzia untsa da emaiten baititugu gure indar guziak. Jendeetaz okupatzea bokazio bat da, ez duzu lan hori egiten ahal ez baduzu jendea maite.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaharren egoitzak
2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


Analisia
Publiko-pribatu elkarlana

Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak

Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


Eguneraketa berriak daude