argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren 17tik 19ra egingo dute UEUren Ikergazte kongresua, Donostian
  • Ikertzaile euskaldunen komunitatea indartu nahi du ekimenak bosgarren edizio honetan. Bestalde, astelehenetik aurrera egongo da Udako Ikastaroetan izena emateko aukera.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 04a
2021eko Ikergazte kongresua, Gasteizen. (Argazkia: Ikergazte)

Maiatzaren 17tik 19ra izango da Ikergazte kongresua, Donostiako Kursaal jauregian. Ikertzaile euskaldunen komunitatea indartu nahi dute antolatzaileek, euskarazko nazioarteko ikerketaren balioa aldarrikatuta. Hainbat ikertzaileren hitzaldi eta aurkezpenez gain, tailerrak, dokumental proiekzioak edo ibilbideak biltzen dituen egitaraua antolatu dute.

Ikergazteren bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Lehen aldiz 2015ean antolatu zuten, eta ordutik bi urtean behingo topaleku bihurtu da. Izen-ematea UEUren webgunearen bidez egin behar da, maiatzaren 7a baino lehen.

Udako Ikastaroen izen-ematea, astelehenetik aurrera

Bestalde, maiatzaren 7an irekiko dute UEUren Udako Ikastaroetan izena emateko aukera. Ekainaren 14tik uztailaren 12ra bitarte askotariko gaiak ukituko dituzte, besteak beste, feminismoa, adimen artifiziala, hizkuntzak, osasuna eta artea. 51. edizioko ikastaroak Euskal Herriko hainbat lekutan eskainiko dituzte: Bilbon, Eibarren, Tolosan, Iruñean, Usurbilen, Errenterian, Gasteizen eta Baionan.