Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkariek eta Foro Soziala, Bake Bidea eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak Baionan gaur iragarri dute euskal gatazka armatua amaitze bidean antolatu duten hurrengo urratsa. Kanbon izango da, Arnaga jauregi ospetsuan, eta bertan nazioarte mailako ekitaldi handi bat burutuko dute maiatzaren 4an.
Minutu batzuetako atzerapenarekin –eta galderarik onartuko ez zela ohartaraziz– 16:45etan hasi den prentsaurrekoan egin dute Kanborako deia. Bertan, Bake Bideako Anais Funosasek eraman du, euskaraz eta frantsesez, ekitaldiaren haria. Jean Rene Etxegarai eta Kotte Ezenarro, Iparraldea egituratzen duen Herri Elkargoaren lehendakari eta lehendakariordea, mintzatu dira hautetsien izenean, ondoan zutela Alain Hiriarte Hiriburuko alkatea ere.
Raymond Kendal Interpoleko buru ohi eta Harremanetarako Nazioarteko Taldearen kideak egin du frantsesez bake prozesuaren bidean maiatzaren 4era iragartzen den ekitaldiaren aurkezpena, frantsesez, agiri bera irakurri dutelarik euskaraz Funosasek eta espainolez Foro Sozialeko Agus Hernanek.
Maiatzaren 4rako zabaldu duten deialdian laburbildu dute 2011n Aieten hasi eta 2017an armagabetzearekin garatutako bide neketsua, "Europako azken gatazka armatua" bideratzeko egindako lana eta iragarri dute urrats berriak epe laburrean etorriko direla. Denei egin diete dei bakearen alde konpromiso berri bat hartzera.