Maialen Lujanbio: "Jendeak, zaleak, bereizten du gu pertsona moduan eta gu taulan. Derrigorra da komunikaziorako kode konpartitu bat edukitzea publikoarekin, jendeak ulertu behar duelako zure kodea (...) Bizi ez dituzun esperientzietatik kantatu behar duzunean, zure ideologiaren zutabeak sendo jarrita baldin badituzu, zutabe horien perspektibatik edozein gai landu dezakezu (...) Hizkuntzarekin jolasean hasi, gustatu eta inkontzienteki hartutako erabakien ondorioz horretan sentitzen zara erosoen, eta ez dakizu zuk aukeratu duzun bera (bertsolaritza) edo berak aukeratu zaituen zu, ez dakizu zuk egin duzun bera edo berak egin zaituen zu".
Amets Arzallus: "Norbere gogoeta propioetatik sorturiko alternatiba sortzea gero eta zailagoa da. Bertsolarioi gauza asko probarazten dizkigute, gauza desberdin asko egokitzen zaigu bizitzea, eta zaila da norberak diseinatzea urrutirako bidea (...) Iparraldekoa izan eta denok zaku berean sartzen gaituzte, eta hori absurdoa da. Ikusten duzu Iparraldeko bertsogintza aurrera ateratzeko bultzada bat badela eta helburu kolektibo baten parte sentitzen zara, eta helburu kolektibo hori helburu indibidual bihurtzen dizute, edo bihurtzen duzu. Beraz bertsoa bide dut".
(2008-09-13)