argia.eus
INPRIMATU
Magisteritza gradura sartzeko aparteko probaren proposamena: “Denek ez dute irakasle izateko profila”
  • Etorkizuneko irakasleen formakuntzan Espainiako eta Hego Euskal Herriko Hezkuntza dekanoek proposatu dituzten aldaketez mintzatu da haien presidentea: gradura eta DBHko masterrera sartzeko “selektibitate” propioaz, karrera eta masterra luzatzeaz, ikasi beharreko edukien polemikaz eta aldaketa horiek guztiak indarrean sartzeko aukerez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko abenduaren 16a
LucĂ­a Herrera. Popular TV Melilla

Bi urte eta erdi iraun dute Espainiako Estatuko Hezkuntza fakultateetako hainbat dekanok, tartean Euskal Herriko batzuek, irakasleen ikasketei buruzko Liburu Zuria prestatzen. Polemika tarteko –aurrerago azalduko dugunez–, azaroaren 18an onartu zuten Liburu Zuria, eta izaera orientatiboa duten proposamenak izan arren, etorkizuneko irakasle ikasketen marko juridikoa prestatu nahi duen Espainiako Hezkuntza Ministerioak esana du kontuan hartuko dituela gomendio horiek. Zein neurritan? “Gure proposamenak ezagutzeko interes handia zutela badakit”, adierazi du Espainiako Estatuko Hezkuntza Dekanoen Konferentziako presidente Lucía Herrerak, El País-en egin dioten elkarrizketan.

Proposamenetako bat da bai Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko Magisteritza gradura sartu aurretik, bai DBHko irakasle izateko masterrera sartu aurretik, hautaketa proba espezifiko bat egitea ikasketa horiek egin nahi dituztenek, selektibitate propio moduko bat. “Hezkuntza ikasketek demanda izugarria dute, eta matrikulatzen diren guztiek ez dute irakaskuntzara dedikatzeko profila –azaldu du Herrerak elkarrizketan–. Maisu eta maistra onak formatu nahi baditugu, gaitasun eta jarrera egokiak dituztenak aukeratu behar ditugu, tartean aniztasunari arreta jartzea, taldean lan egitea edo pentsamendu kritiko eta gogoetatsua izatea”. Halako probak egiteak karrerarekiko konpromiso handiagoa dakarrela gehitu du.

Magisteritzan sartu ahal izateko azterketa berezi horrek hizkuntza, matematikak eta konpetentzia sozioemozionalak ebaluatuko lituzke, besteak beste. Eta DBHko irakasle izan nahi dutenei masterraren aurretik proba egiteko beste arrazoi bat: “Askok masterra ez du egiten hezkuntzarako bokazioa duelako, bigarren aukera gisa baizik”. Azken finean, gogoratu behar dugu bestelako karreretatik datozen ikasleak direla DBHko irakasleak: “DBHko ikasleak nerabezaroan daude, beren pertsonalitatearen garapen betean, eta irakasleak ez du bakarrik bere materia lantzera jardun behar, garapenean ere arreta jarri behar du. Denak ez du balio hezkuntzan. Ikasgelan aurkituko dutenarekin konprometituta dauden profesionalak behar ditugu”.

"Askok DBHko irakasle izateko masterra ez du egiten hezkuntzarako bokazioa duelako, bigarren aukera gisa baizik, baina ikasgelan aurkituko dutenarekin konprometituta dauden profesionalak behar ditugu"

Proba horrek ez al du unibertsitateen arteko desoreka ekarriko, baldin eta adibidez unibertsitate pribatuek proba errazagoa jartzen badute, bezeroak ez galtzeko? “Akordio orokor bat beharko litzateke, unibertsitate guztietan aplikatuko den araudi bat, oinarrizko eta gutxieneko batzuk adostuta”.

Magisteritzak bost urte eta masterrak bi

Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko, gaur egungo lau urteko graduaren ordez bost urteko gradua onartu du dekanoen Liburu Zuriak. DBHko irakasle izateko berriz, egungo urtebeteko masterraren ordez (60 kreditu), bi urtekoa adostu dute (120 kreditu). Zergatik? “Haur eta Lehen Hezkuntzan konpetentzia orokor askori erantzun behar zaio, irakasle espezialista izateko ere (Ingelesa, Musika, Gorputz heziketa) kredituak bikoiztu behar dira, eta formazio praktikoan indarra jarri nahi da”. Puntu honetan dekano guztiak ados daudela dio presidenteak.

Irakasleen profila, polemika eta eztabaida iturri

Bada puntu bat zatiketa eragin duena dekanoen euren artean, baita Euskal Herrikoen artean ere: Lehen Hezkuntzako irakasle eta tutore izateko, zenbat formatu behar da oinarrizko pedagogietan eta zenbat didaktika espezifikoetan? Ikuspegi talkak eragindako haustura kontatu genuen ARGIAn. Are, didaktika espezifikoko irakasleak haserre agertu dira azken emaitzarekin eta prozedura okerraz gain, lehenengo taldearen aldeko hautu erabat partziala egin dela salatu dute didaktika espezifikoen Espainiako bost elkarteek: “Pedagogoak baino ez diren irakasleak nahi dituzte, zientziak edo matematikak irakatsi beharko ez balituzte bezala”.

Horri buruz ere galdetu diote presidenteari, eta erantzun du bere ustez zatiketa “kanpotik” etorri dela, “norabide jakin batean joan nahi zuten didaktika espezifikoetako elkarte batzuetatik, ez guztietatik. Baina onartu dugun Liburu Zurian ez da didaktika espezifikoen kontrakorik esaten. Egia da ez genuela ikasketa plan bat egin nahi, proposamen zabalak eta askotarikoak baizik, materia zehatzak espezifikatu gabe”.

"Ez da bakarrik ezagutzaren arlo jakin batzuen inguruan irakastea, zeinak funtsezkoak diren, baita ere da familiekin lan egitea eta inklusioa sustatzea"

Irakasleen prestakuntzarako oinarrizko pedagogietan egindako indarraz galdetuta, gestio emozionalaz eta hezkuntza inklusiboaz, argi du presidenteak: “Maisuak edo maistrak egunero ikasgelan aurkitzen duen aniztasunari eta ikasleen garapen sozioemozionalari erantzun behar die, eta ikasgeletako aniztasun hori handitzen ari da. Ez da bakarrik ezagutzaren arlo jakin batzuen inguruan irakastea, zeinak funtsezkoak diren, baita ere da familiekin lan egitea eta inklusioa sustatzea”.