Manifestazio bat egingo dute hilaren 22an Aritzalatik Abartzuzaraino, "kontzientzia antifaxistagatik eta gure herri txikien bizitza babesteagatik". Sektak loturak ditu Fuerza Nuevarekin eta Voxekin, eta eraikin publiko bat erosi berri du Abartzuzan.
Maestro Avila fundazioaren sekta ultrakatolikoaren aurka antolatu dira Estellerrian, Nafarroan. "Hamarkada bat baino gehiago darama bailaran arreta handirik deitu gabe, eta orain arte herritar gehienek ez diote garrantzi handirik eman", azaldu zuten aurreko ostiralean, agerraldi jendetsu baten bidez. Hala ere, ohartarazi dute 150 pertsona inguru bildu dituela pixkanaka sektak, eta beharrezkotzat jo dute horri aurre egitea, "boterea hedatu eta handitu" ez dezan.
Maestro Avilak Abartzuzako Anderaz eraikin publikoa erosi izanak piztu du borroka. "Sektak barnetegi zaharretik gertu dauden lurrak ere bereganatu ditu, eta hainbat bizilaguni debekatu die hortik pasatzea", zioten prentsaurrekoan: "Ez dakigu zer egin nahi duten, baina ziurrenik eskola bat irekiko dute haien seme-alabak gainerako gazteekin harremanik ez izateko eta beraiekin praktikan jartzen duten ideologia faxista lantzeko". Horregatik, bat egin dute zonaldeko bizilagun ugarik, "nahikoa dela esateko ordua" delakoan: "Ez dugu gure seme-alabek ideia faxistak sustatzen dituen sekta batekin elkarbizitzerik nahi; emakumea gizonaren menpe jartzen duena, arrazakeria, espainolismoa, euskararekiko arbuioa, klasismoa edo sexu-aniztasunaren jazarpena sustatzen dituena".
Kezkaz gogorarazi dute, gainera, Abartzuzako Udalak ez duela gaiari buruzko argipenik egin: "Herriko hainbat bizilagun harremanetan jartzen saiatu gara eta oztopoak baino ez dizkigute jartzen. Arazo honi ahalik eta leku gehienetatik heltzea beharrezkoa da, faxista horiek ez baitute gure herrietara ezer onik ekartzen".
Agerraldian nabarmendu zutenez, "Abartzuzan eta gure bailaretan, Deierrin eta Gesalatzen gertatzen ari dena ez dago azken urteetako faxistizazio testuingurutik isolatua". Maestro Avila fundazioak, hain zuzen ere, loturak ditu "argi eta garbi faxistak diren erakunde eta alderdi politikoekin", hala nola Fuerza Nueva eta Vox.
Estellerriko kideek gogorarazi dute laster beteko direla 50 urte Franco diktadore faxista hil zenetik, eta "Falangea edo Francisco Franco fundazioa bezalako erakundeek jarduna izaten jarraitzen" dutela gaur egun. Horrez gain, "erakunde faxista berriak sortzen eta indartzen" ari direla seinalatu dute, "historiak erakutsi duen bezala", "faxismoaren gorakada errazten" baitu "bizi dugun krisi eta pobretze testuinguruak". Beraz, ezinbestekotzat jo dute joera horri aurre egitea, "egunen batean berandu izan" ez dadin.
Azken asteetako hainbat adibide ekarri dituzte gogora: "Espainiako Falange de las JONS Gasteizen (Araba) manifestatu dela ikusi dugu, Vox Bilatortako (Nafarroa) gazte migratzaileei zuzendutako zentro baten aurka egiten saiatu dela ikusi dugu, eta gure bailaran pintada faxistak ikusi ditugu". Hala ere, balioan jarri dute "kasu horietan guztietan jendeak antifaxismotik antolatuz eta aurre eginez erantzun" izana, eta orain ere horretara deitu dute.
"Kontzientzia antifaxistagatik eta gure herri txikien bizitza babestu nahi izateagatik", mobilizazio-deialdi bat egin dute ostiraleko prentsaurrekoaren bidez: manifestazio bat egingo dute azaroaren 22an, 11:00etan Aritzalatik hasi eta Abartzuzaraino. "Gure bailarek sekta ultrakatoliko eta faxista hau gure herrietan ez dutela nahi erakutsi behar dugu", aldarrikatu dute: "Faxistak eroso ez sentitzeko presioa egiten jarraitu behar dugu; ongietorriak ez direla argi eta garbi ikus dezaten, etorri diren lekutik joan daitezen, eta beraien proiektua garatu ez dezaten, ez hemen, ez beste inon".